Europako 9 herrialderen parte-hartzearekin egingo den zahartze aktiborako ADLIFE proiektuaren buru da Euskadi

Argitalpen-data: 

Urtarrilaren 21ean eta 22an, Europako proiektu hori abiarazteko bilera egingo da Bilbon; Osasuneko sailburu Nekane Murga izango da bertan, eta ADLIFE proiektua garatuko duten Europako 9 herrialdeetako 40 ikertzailek parte hartuko dute

 

Euskadik zuzenduko duen ADLIFE izeneko Europako ikerketa-proiektua urtarrilaren 21ean eta 22an abiaraziko da Bilbon. Bi egun horietan, proiektua abiarazteko bilera egingo da Carlton hotelean. Bilera horretan, Osasuneko sailburu Nekane Murga izango da, eta datorren lau urteetan proiektua garatuko duten Europako bederatzi herrialdeetako 40 ikertzailek parte hartuko dute.

 

Bileran, proiektuaren helburuak eta norainokoa zehatz-mehatz aztertu, eta rolak, ardurak, arriskuak eta proiektuaren arrakastarako faktore kritikoak azalduko dira. Horrez gain, epe labur eta ertaineko zereginetarako jarduerak eta ekintza-planak zehaztuko dira, haiei buruz eztabaidatuko da, eta alderdi espezifikoak lantzen hasteko lan-saioak finkatuko dira.

 

Euskal Osasun Sistemak, Kronikgune Osasun Zerbitzuen Ikerketa Institutuaren bitartez, Europako bederatzi herrialdeko (Euskadiz gain, Erresuma Batua, Polonia, Alemania, Danimarka, Suedia, Israel, Turkia eta Belgika) 11 erakundek ADLIFE proiektua (“Integrated personalized care for patients with advanced chronic diseases to improve health and quality of life”) garatzeko osatutako partzuergoa koordinatuko du. Proiektua proiektu pilotuen bidez zabalduko da zazpi herrialdeko osasun-sistemetan, honako hauek barnean hartuta: Euskadi (Osakidetza), Erresuma Batua (NHSL Lanarkshire), Danimarka (Southern Denmark), Polonia (FALKHOSP Lower Silesia), Alemania (Werra-Meißner Kreis), Suedia (Jämtland Härjedalen eskualdea) eta Israel (Maccabi Healthcare Services). 75 ospitale, klinika eta lehen mailako arretako zerbitzutan diharduten osasun-arloko 600 profesional inguruk, 800 pazientek baino gehiagok eta 1.200 zaintzailek baino gehiagok parte hartuko dute.

 

Gaixotasun kronikoak dituzten pertsonen bizi-itxaropenak era esanguratsuan egin du gora herrialde ugaritan, zientzia medikoaren aurrerapenen ondorioz, besteak beste. Osasun-sistemek hainbat erronka dituzte aurrean, hala nola pazienteak ahalik eta bizitzarik independenteena izan dezan lortzea, gero eta lan-karga handiagoa jasaten duten zaintzaileei babesa ematea eta osasun- eta gizarte-sistema jasangarriak sortzea.

 

Europako ADLIFE ikerketa-proiektua erronka horiei aurre egiteko premisarekin sortu da, eta gaixotasun kroniko aurreratuak dituzten adinekoei arreta integratua, koordinatua, aldez aurrekoa eta pertsonalizatua ematea eta, era horretan, haien osasuna eta bizi-kalitatea hobetzea du helburu.

Zehazki, gaixotasun larria eta kronikoa eta, funtzionalitate eta gaitasunen murrizketaren ondorioz, bizi-itxaropenaren murrizketa potentziala duten 55 urtetik gorako pazienteei zuzenduta dago. Lau urtetan garatuko den soluzio berritzaileak arreta-planen pertsonalizazioa erraztuko du, eta pertsona horien premiei eta lehentasunei erantzun bizkorra eta goiztiarra emateko ahalmena hobetuko du (premia eta lehentasun horiek denboran aldakorrak direla kontuan hartuta). ADLIFE proiektuak erabaki klinikoak hartzen laguntzeko zerbitzuak eskainiko ditu. Zerbitzu horiek, tratamendua proposatzeaz gain, pazienteen sintoma eta premia aldakorrak zehaztasun handiagoarekin identifikatzea ahalbidetuko dute, eta osasun-arloko profesionalei zuzendutako alarmak sortuko dituzte. Proiektuak, halaber, pazienteari bere osasunaren kudeaketan parte hartzeko aukera handiagoa emango dioten zerbitzu espezifikoak ematea erraztuko du.

 

Gainera, ADLIFE proiektuaren soluzioetan, honako hauek hartzen dira kontuan: arreta pertsonalizatuko planak kudeatzeko plataforma bat, erabaki klinikoak hartzen laguntzeko zerbitzuak, elkarreragingarritasun-soluzioak eta pazienteak ahalduntzeko plataforma bat. Proiektuak erabiliko dituen soluzio digital pertsonalizatuak eta babes-soluzioak Europako H2020, C3-Cloud eta Power2DM proiektuetan garatu dira, eta Europako hainbat herrialdetako osasun-sistema errealetan (Osakidetzan, besteak beste) baliozkotu dira.  

 

Duela urte batzuez geroztik, Eusko Jaurlaritzak apustu irmoa egin du zahartze aktiboaren alde, eta gizartearen parte aktibo diren pertsonak eta haien eskubideak eta erantzukizunak ardatz dituen estrategia bat garatu du. Lan horrek Europako Batzordearen bikaintasun-ziurtagiria jaso du, kalifikaziorik handienarekin (lau izar). Horrela, beraz, Euskadi erreferentzia bihurtu da beste eskualde batzuentzat zahartze aktiboa eta osasungarria era integralean lantzeko jardueran, pertsona jarduketa guztien ardatz bihurtzen duten politika berrietan eta hazkunde ekonomikoaren eta lehiakortasunaren sustapenean.

 

 

Informazio gehiago