CDTIk hainbat mintegi antolatu ditu SPRI Taldearekin batera, ETEek Europako I+G-ko laguntzak eskuratu ditzaten

Argitalpen-data: 

Jardunaldiak online egingo dira ekainean eta uztailean, eta helburutzat dute Europar Batasuneko Eurostars programarako laguntza-eskaeren aurkezpen-prozesua erraztea

 CDTI-Estatuko Berrikuntza Agentziak SPRI Taldearen laguntzarekin antolatu dituen hiru mintegiak nazioarteko lankidetzako I+G-ko proiektuetan parte hartzen duten ETEei zuzenduta daude. Jardunaldiak ekainean eta uztailean egingo dira, eta helburutzat dute Europar Batasuneko Eurostars programarako laguntza-eskaeren aurkezpen-prozesua erraztea.

 Covid-19ak eragin duen krisia dela eta, ikastaroak onlinekoak izango dira eta ekainaren 18an, uztailaren 2an eta uztailaren 9an egingo dira. SPRIk mintegi horietan parte hartuko du berak koordinatzen duen Basque Enterprise Europe Network (EEN) partzuergoaren bitartez. EEN partzuergoko kide dira baita ere Innobasque, BEAZ eta hiru euskal merkataritza ganberak.

 Laguntza-eskaerak aurkezteko epea irailaren 3an amaituko da, eta interesatuek zabalik dute izena emateko epea.

 Lehen saioa ekainaren 18an egingo da eta Eurostars programaren ezaugarriak izango ditu aztergai; uztailaren 2ko mintegian parte-hartzaileei azalduko zaie zer egin behar duten proiektu baten ideia laguntza-eskaera batean islatzeko; eta hirugarren eta azken saioan erakutsiko zaie nola prestatu laguntza-eskaerak modu lehiakorrean.

 Interesatuek mintegi baten, bitan edo hiruretan parte hartu ahal izango dute (izen-ematean adierazi behar da).

 Eurostars programa Eureka eta Europar Batasunaren arteko ekimen bateratu bat da, eta helburutzat du finantzaketa ematea merkatutik hurbil dauden, lankidetzan garatuta dauden eta ETEek lideratzen dituzten nazioarteko I+G-ko proiektuei. Espainiako bazkideen finantzaketa bideratzeko dirulaguntza bat ematen da, zeina % 60koa izango baita enpresa txikientzat, % 50ekoa ertainentzat eta % 40koa handientzat.

Informazio gehiago