1,8 milioi euro, unibertsitate ikasleen nazioarteko mugikortasun programatarako (Gobernu Bilera 2020-11-24)

Argitalpen-data: 

2019-2020 ikasturtean 2.144 ikaslek jaso zuten Euskadin nazioarte mailako mugikortasuneko dirulaguntza.

Gobernu Kontseiluak, Hezkuntza sailburuaren proposamenez gaurko bileran onartu du 2020-2021 ikasturtean unibertsitate ikasleen nazioarteko mugikortasun programak izan eta Euskal Autonomia Erkidegoan kokatuta dauden unibertsitateentzako eta goi-mailako arte eta kirol irakaskuntzen ikastetxeentzako dirulaguntzen deialdia egiten duen agindua. Dirulaguntza deialdi honek 1.850.000 euroko zenbatekoa du.

Europako Batasunak Erasmus+ programako mugikortasunetarako egiten dituen diru-ekarpenenekin ez da kostuen %100 finantzatzen; beraz, finantzaketa zabaltzea beharrezko gertatzen da deialdi honen bidez. Era berean, unibertsitate-mugikortasunen parte bat Erasmus+ programan sartuta ez dauden destinoetara egiten da; horrela bada, horiek ez dituzte Europako erakundeen laguntzak jasotzen, eta, beraz, beste mugikortasun-programa horietan parte hertzen duten pertsonak finantzatu beharra ere agerian geratzen da.

Nazioarteko mugikortasunak goi-mailako ikasleen formaziorako duen garrantziaz ohartuta, Hezkuntza Sailak aipatutako marko hori zabaltzen du, deialdi honen bidez. Erasmus+ programara eta nazioarteko izaera duten bestelako mugikortasun-programetara atxikitako pertsonen mugikortasunen finantzazioa hobetzea da azken helburua.

Deialdi honek jasotzen duen diru-kopuru osoa (1.850.000€), beraz, era honetan banatua gelditzen da:

500 euro, SEPIE estatu erakundeak (Hezkuntza Nazioartekotzeko Espainiako Zerbitzua) emandako laguntzak osatzeko.

239.500 euro, estatuko erakunde horren laguntzarik gabe egiten diren egonaldietarako.

Dirulaguntza horiek eskatuko dituzten erakundeak, ikasturte honetarako nazioarteko mugikortasun-programak dituzten unibertsitateak edo goi-mailako arte eta kirol irakaskuntzen ikastetxeak izango dira; dirulaguntzen azken onuradunak, berriz, mugikortasun-programa horietan parte hartzen duten ikasleak – EAEko udalerriren batean administrazio-egoitza dutenak –. Ikasle horiek graduko unibertsitate-titulu ofiziala edo unibertsitate-masterra lortzeko ikasketak egiten, zein goi-mailako arte edo kirol irakaskuntzak burutzen egon beharko dute 2020-2021 ikasturtean.

COVIDak atzerriko egonaldietan eragina izan dezakeenez, ikasturte honetarako Aginduan jaso da COVID-19k egonaldietan eragindako aldaketak ez direla hartuko ez-betetzetzat.

Joan den 2019-2020 ikasturtean 2.144 ikaslek jaso zuten nazioarte mailako mugikortasuneko dirulaguntza Euskadin, deialdi honen bidez.

Informazio gehiago