Tapia Alemaniako Scheuer ministro federalarekin bildu da, egoera ekonomikoa aztertzeko eta Euskadiko enpresak babesteko

Argitalpen-data: 

Tapiak enpresa-ehun trebatua eta fidagarria duen konfiantzako partner sendo gisa aurkeztu du Euskadi.

 

Alemaniako agintariak Hannoverreko EMOn Gipuzkoako Juaristi enpresaren standari egindako bisitan egin dute topaketa.

 

Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburua Andreas Scheuer Alemaniako Garraioko eta Digitalizazio Azpiegituretako ministro federalarekin bildu da, Gipuzkoako Juaristi enpresak Hannoverreko EMO azokan duen gunean.

 

Tapiak eta Scheuerrek hitz egin dute euskal enpresen salmentan zuzenean eragina duen Alemaniako eta, ondorioz, Europako ekonomiaren egungo une delikatuari buruz. Alemaniako gobernuak urte honetarako % 0,5eko hazkunde txikia kalkulatu du, eta hazkunde txiki horren ondorioak gehien jasaten ari diren sektoreen artean daude automozioa eta makina-erreminta, eta sektore horiek, hain zuzen ere, euskal ekonomiari eragin diezaiokete. Etorkizunaren gakoa digitalizazioan eta berrikuntzan oinarritzen dela esatean biak bat etorri dira.

 

Euskadiko enpresa-ehunaren kezkaren aurrean, eta Alemaniarako esportazioen beherakadaren ondorioz —urteko lehen sei hilabeteetan % 2ko beherakada—, Eusko Jaurlaritzak interes berezia azaldu du ministroarekin topaketa honetan, izan ere EMO nazioarteko hitzordu nabarmenetako bat izan daiteke euskal industriarentzat.

 

Sailburuak euskal enpresen ahalmena eta fidagarritasuna nabarmendu du eta Euskadi konfiantzazko partner sendo gisa aurkeztu du.

 

Alemaniako ministro federalak, -digitalizazioaren azpiegituren eskumena duenak- bestalde, interes handia azaldu du Euskadiko makina-erremintaren sektorearen inguruan, eta nazioarteko enpresa jakin batzuei egindako bisitaren barruan Gipuzkoako Juaristi enpresa hautatu du, EMOn erakustazokan dauden 2.200 enpresen artean Enpresaren lana hurbiletik ezagutu nahi izan du eta enpresaren arduradunekin hitz egin du.

 Informazio gehiago