SPRI Taldeak aholkularitza eman dio Galesko Gobernuari Brexitaren agertoki berrian

Argitalpen-data: 

Enpresen garapenerako euskal agentziaren bi ordezkarik eskualdeen arteko lankidetzarako topaketa batean parte hartu dute.

 

SPRI Taldeak (enpresen garapenerako euskal agentzia) Galesko adituekin antolatutako topaketa batean parte hartu du, Brexitaren ondorengo egoerari buruzko aholkularitza emateko. Cristina Oyon, SPRIko Ekimen Estrategikoen arduraduna, eta Pablo Fano, Nazioartekotzeko Euskal Agentziak (Basque Trade & Investment) Londresen duen bulegoko zuzendaria, Galesko Gobernuak eratutako mugaz gaindiko nazioarteko lankidetzari buruzko lan-taldearen bileran izan dira urriaren 24an, Cardiffen.

Talde honen ardura da, besteak beste, Brexitaren ondoko egoeran Galesek hartu beharreko jarrera prestatzea. Bilera hau, Erresuma Batua Europar Batasunetik ateratzen denerako, Galesko Gobernuak inbertsio nazionalak planifikatzeko bideratu duen jarduerari atxikita dago.

Euskadiko eta Galesko gobernuen arteko lankidetzaren harira, SPRI Taldearen arduradunek ezagutzera eman diete Galesko adituei Euskadik enpresen nazioartekotzean egindako ibilbidea, I+G jardueraren nazioartekotzeari arreta berezia emanez. Euskal sistemaren estrategia aztertu dute Europako esparru-programei eta eskualde-arteko lankidetzei dagokienez, RIS espezializazio adimenduneko estrategiaren barruan.

Nazioartekotzeko Euskal Agentzia 2018an sortu zen Eusko Jaurlaritzak arlo horretan zeuzkan gaitasunak eta aktiboak integratu eta sendotzeko, bere ekintzaren eraginkortasuna, kalitatea eta irismena ere hobetuz. Horrela, nazioartekotzearen arloko programa eta zerbitzuen arteko bereizketa funtzionala deuseztatu eta hobeto egokitzen da enpresen behar zehatzetara.

Informazio gehiago