Segurtasun Sailak lehenengo abisu horia aktibatu du elurragatik bihar ostegunerako eta etzi ostiralerako

Argitalpen-data: 

Ez du eragin handirik izango, elur gutxi eta goietan egingo baitu

Segurtasun Sailak EAEko lehenengo abisu horia aktibatu du elurragatik osteguneko, azaroaren 7ko, 21:00etatik, ostiraleko, azaroaren 8ko, 09:00etara, elur-maila 900-1.000 metro artean kokatuko baita, nahiz eta ez den aparteko eraginik espero.

Euskalmet Euskal Meteorologia Agentziaren arabera, garai honetarako hotza den aire-masa bat iritsiko da bihar, eta tenperaturek, beraz, behera egingo dute ostegunetik, azaroaren 7tik, aurrera. Horren ondorioz elur-maila 1.000 metro inguruan kokatuko da ostegun gauean eta ostiraleko, azaroaren 8ko, lehenengo orduetan.

Nolanahi ere, eta hamabi ordu horietan ez denez prezipitazio handik espero, ez da elur askorik pilatuko.

Bestalde, Segurtasun Sailak abisu horia aktibatu du haizeagatik ageriko lekuetan, bereziki itsasertzean, osteguneko 21:00etatik ostiraleko 15:00etara, eta nabigaziorako osteguneko 21:00etatik ostiraleko 24:00etara.

  • Pronostikoen eta abisuen eguneratzeak Euskalmet (www.euskalmet.euskadi.eus) eta Twitter (@Euskalmet) bidez jarraitzea gomendatzen da.
  • Larrialdiren bat gertatuz gero 112ra deitu.