Peñascal auzoa berroneratzeko plana bultzatu da 45 pisu entregatzean ordezko bizitokia eta etxebizitza soziala alokairuan emateko

Argitalpen-data: 

  •  Peñascal murgilduta dago Euskadin orain arte izan den hiri-berroneratzeko proiektu handienean. Proiektu horrek 315 etxebizitza eraistea, beste 300 eraikitzea eta guztira 100 milioi euro inguruko inbertsioa aurreikusten du

Gaur goizean, Iñaki Arriola sailburuak Etxebizitza Sailak Peñascal auzoan eraiki dituen 45 etxebizitzak bisitatu ditu. Auzo hori Eusko Jaurlaritzak eta Bilboko Udalak garatutako hiri-berroneratzeko proiektu handi batean murgilduta dago. 45 etxebizitzetatik 25 auzo bereko familiei bizitokia emateko gorde dira, eta Gardeazabalgo etxebizitzak eraitsi egingo dira, bizigarritasun-baldintza egokiak betetzen ez dituztelako. Horietatik 10ek errentamendu babestuko kontratua izango dute; beste 15ek, berriz, pisuen jabetza eskuratuko dute. Salerosketa eskriturak aste honetan zehar sinatzea aurreikusita dago. Errentamendu-kontratuak, berriz, dagoeneko bidali zaizkie onuradunei, eta laster formalizatu ahal izatea espero da.

Gainerako 20 etxebizitzak alokairu sozialerako izango dira, Etxebideko eskatzaileentzat.

Hiru etxebizitza-bloke dira (bakoitza bost altuerakoa eta 15 pisukoa) eta Armotxabideko goialdean daude kokatuta, Betolazatik gertu. Bloke horiek honako hauek osatzen dituzte: 2 gelako 32 etxebizitza (horietako bi egokituak) eta hiru logelako beste 13 etxebizitza. Etxebizitza horiek eraikitzeko ia 5 milioi euroko inbertsioa egin du Etxebizitza Sailak.

Peñascal auzoa hiri-berroneratzeko prozesuan dago bete-betean sartuta. Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza Sailaren eta Bilboko Udalaren arteko akordio baten emaitza gisa hasiak dira bizitegi-parke eraikia berroneratzera bideratutako ekintzak, arian-arian, mendi-hegalean eraikitako etxebizitza-bloke historikoak kentzeko eta haien ordez beste batzuk eraikitzeko, kontuan hartuta oraingo eraikinetan arazo handiak daudela irisgarritasun, egonkortasun eta osasungarritasunari dagokienez.

Proiektuaren lehenengo fasekoak dira 45 etxebizitza sozial horiek, baita 38 etxebizitzako eraikin bat ere (joan den urtean entregatua) eta 85 pisuko hirugarren bat, ordezko bizitokia emateko ere; azken honen obra datorren urtean lizitatuko da eta 10 milioi eurotik gorako inbertsioa egingo da horretarako.

Obrak ez dira hemen bukatzen, proiektuak bigarren fase bat izango baitu, berriro ere Etxebizitza Sailaren eta Bilboko Udalaren artean adostua. Hala, bigarren fase horretan, beste 134 etxebizitza eraikiko dira eta aurrerapauso bat gehiago izango da Bilboko Peñascal auzoko eremu degradatu hori berroneratzeko prozesuan.

Arriola sailburuaren hitzetan, "Euskadin orain arte egin den hiri-berroneratzeko operazio handienaren aurrean gaude, 300 etxebizitza (302) dituzten 9 bizitegi-bloke eraikitzea aurreikusten duena, eta 126 eraikin eta 315 etxebizitza desjabetu eta eraistea dakarrena; horrek esan nahi du 100 milioi euro inguruko inbertsioa egin dela guztira".

Arriolak azaldu duenez, epe luzerako lana da, hiri-mikrokirurgiarena, eta ahalegin tekniko eta aurrekontu-ahalegin handia eta erakundeen arteko lankidetza eskatzen ditu. Helburua argia da: "infraetxebizitzari azkena ematea eta Peñascaleko biztanleei, ordezko bizitokien bidez, etxebizitza duin eta irisgarriak ematea".

Peñascal auzoko birgaitze-proiektua Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak eremu degradatuak berroneratzeko eta berritzeko garatutako Plan batean kokatzen da, Peñascal izan ezik, honako auzo hauek ere biltzen dituena: Txabarri-El Sol (Sestao), Txonta (Eibar), Txomin Enea (Donostia), Aramotz (Durango) eta Otxarkoaga (Bilbao) eta Koroatze (Vitoria-Gasteiz).