Nazioartekotzearen Euskal Agentziak euskal enpresentzako aukera berriak bilatu ditu Bruselan

Argitalpen-data: 

Erakunde publikoak bileren agenda bizi bat dauka irailaren 9 eta 10ean erkidegoko arduradunekin

 

Nazioartekotzearen Euskal Agentziak (SPRI Taldean sartua), Ainhoa Ondarzabal Agentziako zuzendaria erkidegoko arduradunekin egiten ari den bileren bitartez, euskal enpresentzako aukera berriak bilatzen ditu; hori guztia Europar Batasunarentzako Euskadiko Ordezkaritzaren eskutik. Helburua Europako nazioartekotze-baliabideen aprobetxamendua egituratzea eta Europako foro, sare eta programetan Euskadiren posizionamendua eta parte-hartzea sustatzea da.

 

Hala, bilera bat egin da Espainiak Bruselan eta Luxenburgon duen Enbaxadaren Ekonomia eta Merkataritza Bulegoarekin, euskal enpresek bulego horretako sustapen-ekitaldietan duten parte-hartzearen gaiari heltzeko eta EBko proiektuen lizitazioetara sartzeko aukerak aztertzeko. Era berean, bilera bat egin da Europar Batzordearen Zuzendaritza Nagusiarekin; bertan, Txina, Mexiko, Txile, Australia, Zelanda Berria, Vietnam edo Estatu Batuak bezalako herrialdeekin egin ohi diren merkataritza-itunen negoziaketen inguruan hitz egin da.

 

Hau Espainiak EBn duen ordezkaritza iraunkorrarekin egingo den beste bilera batekin osatu da; bertan, Euskadiren interesak eta akordioen inguruko informazioa helaraziko da eta mekanismoak ezarri dira Nazioartekotzearen Euskal Agentziak geroago euskal enpresen eskura jarri daitekeen informazio eguneratua izan dezan. Lan-agenda Auzoko Zuzendaritza Nagusiarekin egingo den bilera batekin itxi da. Bilera horretan, Maroko edo Aljeria bezalako herrialdeekin dituzten harremanei heldu zaie.

 

10ean, euskal misioak bilera bat egin du Europako Batzordearen Hazkundearen Zuzendaritza Nagusiarekin. Bertan, enpresen nazioartekotzerako Cosme programari ematen zaion laguntza aztertu da. Halaber, beste bilera bat egin da Europako Batzordearen Nazioarteko Lankidetzarako eta Garapenerako Zuzendaritza Nagusiarekin ondoko herrialdeen kanpo garapenerako lankidetzarako dauden tresnen inguruan hitz egiteko.

 

Misio hori enpresen nazioartekotzerako 2017-2020 plan estrategikoaren barruan kokatzen da. Ardatz horren bosgarren ildoan, enpresen nazioartekotzearen esparruan Europar Batasunarekin dagoen konexioaren indartzea proposatzen da, gaur egun dauden gaitasunak txertatuz, baliabide europarren erabilera sustatuz eta Euskadik Europa mailan duen irudia indartuz.

 

 Informazio gehiago