Lehendakariaren adierazpena. Eusko Jaurlaritza irekia eta proposatzailea izan da nazioarteko ekintzan

Argitalpen-data: 

 

Europako Kontseiluaren 70. Urteurrena: Giza Eskubideak eta Demokrazia jardunaldia antolatu du Eusko Jaurlaritzak Europako instituzio honen sorkuntza ospatzeko.

 

Eusko Jaurlaritzak berretsi egin du Giza Eskubideekin eta Demokraziarekin hartua duen konpromisoa.

 

Iñigo Urkullu Lehendakariak, Kanpo Harremanetarako zuzendari nagusi Marian Elorza lagun zuela, itxi du Europako Kontseiluaren 70. Urteurrena: Giza Eskubideak eta Demokrazia jardunaldia, Europako instituzio honen sorkuntza ospatzeko Eusko Jaurlaritzak antolatua. Gaur egun, 47 Estatu kidek eta 830 milioi pertsonak osatzen dute erakundea.

 

Donostiako Kursaal jauregian izan da jardunaldia eta, beste gai batzuen artean, hauek eztabaidatu dira: Giza Eskubideen Europako Auzitegiaren jurisprudentziaren inpaktua; demokrazia eta lurralde-kohesioa; toki-autonomiaren Europako Gutuna eta Europako Kontseiluak balio demokratikoak zalantzan jartzeari emandako erantzuna.

 

Bere jardunean Iñigo Urkullu Lehendakariak azpimarratu duenez, Eusko Jaurlaritzak lehentasuna eman dio beti Euskadiren benetako Kanpo Ekintzari, Europako eta munduko gainerako herriekin adiskidetasun-harremanak sortzea ahalbidetuko duenari. “Eusko Jaurlaritza irekia eta proposatzailea izan da nazioarteko ekintzan”, adierazi du. Horren erakusgarri ditugu Kanpo Ekintzako Planaren onespena, “Euskadi Basque Country 2020” Nazioartekotze Estrategia eta Euskadi Basque Country Agenda 2030, Nazio Batuen agenda eta Garapen Iraunkorrerako 17 Helburuak garatzen dituena; baita “Europako Etorkizunaren Ikuspegia” dokumentuaren onespena ere, Europako etorkizunari buruzko Liburu Zuriari ekarpen bat egiteko.

 

Lehendakariak berretsi egin du Eusko Jaurlaritzak hartua duen konpromisoa Giza Eskubideekin eta Demokraziarekin, eta honela azaldu ditu Eusko Jaurlaritzaren idearioa eta defendatzen dituen balioak: “Orain da momentua balio fundazionalak berreskuratzeko eta pertsonak Europako ekintzaren ardatz nagusi gisa kokatzeko. Europa oparo bat eraikitzeko aukeraren aurrean gaude, ongizatearen sortzaile, solidarioa, igualitarioa den Europa bat, bere dibertsitatean batua eta maila anitzeko benetako gobernantza batean finkatua. Horrela bakarrik egin ahal izango dugu aurrera gero eta batasun estuago baterantz Europako herrien artean eta horrela hartu dezakegu konpromisoa, askatasunez eta kontzienteki, etorkizun-proiektu horrekin.”

 

Eusko Jaurlaritzak ekimen berriekin eutsi dio konpromiso horri: SHARE Proiektua; Europako Eskualdeen artean elkar ulertzea maila anitzeko gobernantza gauzatzeko; mugaz haraindiko erronka, non Eusko Jaurlaritzak Pirinioetako Lan Elkartean eta Akitania Berria, Euskadi, Nafarroa Euroeskualdean parte hartzen duen; eta Arku Atlantikoa, makroeskualde-proiektu baten garapenarekin.

 

Europako Kontseilua

 

Europako Kontseiluak Estrasburgon du egoitza, 1949ko maiatzaren 5eko Londresko Itunak sortu zuen eta giza eskubideei dagokienez Europan dagoen nazioarteko erakunde nagusiena da. Ondokoak dira bere funtsezko ardatzak: Giza Eskubideen Europako Ituna eta Europako Gizarte Gutuna.

 

Lehendakariak gogora ekarri duenez, Europako Kontseilua erakunde aitzindaria da Europaren integrazio-prozesuan. Bestalde, nabarmendu duenez, Kontseiluak ageriko konpromisoa hartua du funtsezko askatasunak babesteko. “Prebentzioz egiten du, baita modu hertsatzaile batez ere Giza Eskubideen Europako Auzitegiaren bitartez”, zehaztu du.

Informazio gehiago