Lehendakaria René Cassin-i eginiko omenaldian Estrasburgon: `Giza Eskubideak ekintza politikoaren erreferente nagusi izaten jarraitu behar dute Europan´

Argitalpen-data: 

Iñigo Urkullu Lehendakaria Estrasburgora bidaiatu da, René Cassin euskaldun unibertsalari omenaldia egiteko; René Cassinek Bakearen Nobel saria jaso zuen 1968an, Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsalaren erredaktore nagusi izateagatik. Lehendakariak topaketa izan du Guido Raimondi Giza Eskubideen Europako Auzitegiko presidentearekin. Ondoren, Auzitegiaren egoitzan izan den ekitaldian, Lehendakariak giza eskubideak aldarrikatu ditu, “Europako eta munduko ekintza politikoaren erreferente nagusi” gisa. “Mehatxu populisten eta muturrekoen aurrean”, esan du Lehendakariak, “giza eskubideak humanismoan oinarritzen den politika orientatu ahal izateko iparrorratza dira”.

Lehendakariak erakunde-bisita egin du Estrasburgora, Jonan Fernández Giza Eskubide, Bizikidetza eta Lankidetzaren idazkari nagusiarekin, Marian Elorza Kanpo Harremanetarako idazkari nagusiarekin, Monika Hernando Biktimen eta Giza Eskubideen zuzendariarekin eta Mikel Anton Europako Gaietarako zuzendariarekin batera. Lehenengo eta behin, euskal ordezkaritzak, Lehendakaria buru dela, topaketa izan du Guido Raimondi Giza Eskubideen Europako Auzitegiko presidentearekin. Gero, Auzitegiko egoitzan, René Cassini omenaldia egiteko ekitaldia egin da; ekitaldia Guido Raimondi presidenteak zuzendu du. Bertan, Christos Giakoumopoulos Europako Kontseiluko Giza Eskubideen zuzendari nagusiak, Jean Pauls Costa René Cassin Fundazioko presidenteak eta Iñigo Urkullu Lehendakariak hitz egin dute.

Lehendakariak René Cassinen irudia nabarmendu du, “gaur omenaldi merezia jaso duena”. Lehendakariak honako hau esan du: “giza eskubideak funtsezko tresna dira oraintsu igaro den iraganean orientatzeko", eta defendatu du “Europan eta munduan, etorkizuneko erronken aurrean, ekintza politikoaren erreferente nagusi” izaten jarraitu behar dutela. Hori horrela, Lehendakariak diskurtso populistak eta muturrekoak aipatu ditu: “bizikidetzaren eta Europako balioen mehatxu dira”. Mehatxu horien aurrean, “giza eskubideak humanismoan oinarritzen den politika orientatu ahal izateko iparrorratza dira”, esan du Urkullu Lehendakariak.

Halaber gogorarazi du giza eskubideek araudi-indarra dutela eta, hori dela eta, Giza Eskubideen Europako Auzitegia (Tribunal Europeo de Derechos Humanos) “segurtasun juridikoko bermea" dela. Lehendakariak eskerrak eman dizkie Raimondi presidenteari, eginiko harreragatik, eta Manuel Lezertua Arartekoari, René Cassini omenaldia egiteko ekitaldia antolatzen laguntzeagatik.

 

  Informazio gehiago