Eusko Jaurlaritzak Irizarren autobus elektrikoaren proiektua babestu du Schaffhausen-en

Argitalpen-data: 

Irizarrek oso modu positiboan baloratu du babes instituzionala proiektu honek Europa mailan erreferente bilaka ditzakeelako

Eusko Jaurlaritzak, gaur, Suitzako Schaffhausen hiria bisitatu du. Bertan, Irizar Taldeak 15 ie tram autobus elektriko —hauek kargatzeko azpiegitura barne— hornitzeko lizitazio publikoa irabazi du. Kargatzeko estazioek hornitzeko erabiliko duten energia Rin ibaiko uren indarrak sortuko du, ibaia hiritik bertatik igarotzen denean.

Euskal ordezkaritzak proiektuari emandako babesa oso garrantzitsua izan daiteke; izan ere, Irizarrek lehiaketa irabazi duen arren, emaitza hori datorren azaroaren 17an hiri horretan egingo den erreferendum baten bidez berretsi behar da.

Ordezkari suitzarrek, Irizarrek eta Euskadiko ordezkaritzak egindako bileran, Tapiak berritzaile eta erabat fidagarritzat jo duen proiektua babestu nahi izan du. Tapiak Irizarren gaitasun teknologikoa nabarmendu du eta mugikortasuneko azpiegitura berri honek CO2-ren emisioen murrizketan egin dezakeen ekarpena azpimarratu du. Sailburuak azpimarratu du proiektu honek 2030 Estrategia Energetikoaren bi alorrak lantzen dituela, energia berriztagarrietan oinarritzen delako eta Euskadiko berrikuntza teknologikoa bultzatzen duelako.

Hector Olabe Irizar e-mobilityko CEOk Eusko Jaurlaritzari eskerrak eman dizkio eskainitako babesagatik, eta proiektuaren xehetasunak azaldu ditu. Bere ustez proiektua oso positiboa izango da Schffhausen hiriaren garapenerako. Proiektua aitzindaria da Europa mailan “autobusak 0 igorpen izango direlako eta erabiliko duten energia sortzeko ere ez delako inolako igorpenik emango”.

Bileran egon dira, besteak beste, Ernest Landolt, Kantonamenduko Gobernuko presidentea; Peter Neukomm, Schaffhausengo alkatea; Hector Olabe, Irizar e-mobilityko CEO; eta Julen Trojaola, Irizar e-mobilityko salmenta-burua. Euskadiko ordezkaritzaren buru, berriz, Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburua egon da, eta honen aldamenean Javier Zarraonandia Industria sailburuordea.

Irizarrek irabazitako kontratua Suitzako hiri horretako proiektu handiago baten barne kokatzen da. Proiektu erraldoi horren helburua Schaffhausengo garraio publikoa elektrifikatzea da. Horretarako, elektrifikazioko bigarren fase batean beste deialdi bat egingo da 2022-2027rako. Fase horretan autobusen kopurua 47 arte handituko da, eta kargatze azkarreko 20 estazio eta biltegiko 51 karga-estazio ipiniko dira.

Irizarren proiektua Schaffhausenen 

Lizitazioan, Irizar Taldeak erabiltzeko prest dagoen bere soluzioa eskaini zuen hiriaren baldintza espezifikotara egokitua. Kontratuaren barne hartzen dira 15 ie tram Irizar autobus elektriko. Modelo horrek autobus % 100 elektriko baten malgutasuna, batetik, eta tranbia baten ahalmena, sartzeko erraztasuna eta barne-konfigurazioa, bestetik, uztartzen ditu. Autobus horietatik zazpi 12 metrokoak dira eta zortzi 18 metrokoak.  Ibilgailuak erraz ezagutzen dira estetika berezia duelako; aurrealde biribildua eta gurpil-etxeak estaliak dituzte, autobusen aerodinamika hobetzeko.

Gainera, Irizarrek 600 kW-ko potentzia emateko gai izango diren karga azkarreko 12 estazio ipiniko ditu —hiriko hiribide nagusietako batean kokatuak—, eta karga lotuko 16 estazio autobusak gordetzen diren garajean.  Irizarrek energia biltegiratzeko, karga kudeatzeko eta komunikaziotarako berezko teknologia barne hartzeko behar diren osagaiak gaineratu ditu.

Autobusek aukerako karga azkarreko sistema dute, sabaitik atera eta karga-zutabera konektatzen den pantografo baten bidez. Prozesua —4 eta 5 minutu artean irauten du— tarteko geldialdiak aprobetxatuz burutzen da, eta ondoren egin beharreko ibilbiderako behar den energiaren zati bat metatzeko aukera ematen du.  Gauez, autobus elektrikoak osorik kargatzen dira garajeetan.

 

 Informazio gehiago