Nazioarteko talentua erakartzeko Bizkaiak eta Gipuzkoak lankidetza estutu dute
Argitalpen-data:
Bizkaiak eta Gipuzkoak erabaki dute lankidetza estutzea ekintzailetasun aurreratuan eta talentuan. Bi lan eremuak estrategikoak dira bi erakundeontzat, eta, akordio honen bidez, bi lurraldeen eta bertako ehun enpresarialen presentzia eta eragina indartuko dute nazioarteko nodo garrantzitsuetan, eta lotura hobe bat lortuko dute beren ekintzailetasun ekosistemen artean.
Bizkaiak eta Gipuzkoak nazioarteko talentua Euskadira erakartzeko jardunaldiak antolatuko dituzte batera, Be Basque Talent network sarearen barruan –dagoeneko abian 2015etik–. Bertara, Gipuzkoako enpresak joan ahal izango dira. Orobat, Bizkaia Talent-ek bere ezagutza eta esperientzia partekatuko du, Gipuzkoako Aldundiak abiarazitako Gipuzkoa Talent estrategiaren helburuak garatzeko. Bizkaia Talent-ek 12 urteko ibilbidea eta esperientzia du berrikuntza eta ezagutza prozesuetan kalifikazio gorena duten pertsonak erakartzeko, talentuak hemen jarraitzeko eta konektatzeko esparruan. Bizkaia Talent-ek lurralde baten garapenerako eragile nagusia sustatu eta indartzen du: giza kapitala. Horretarako, Euskal Herri osoko enpresa eta unibertsitateekin lan egiten du. Gipuzkoa Talent-ek, berriz, web orri bat eta plataforma digital bat sortuko ditu laster, talentua hemen gera dadin eta erakartzeko, eta horretarako ere baliabide berriak bideratzea aurreikusia du.