Jock Zonfrillo eskoziarra, 2018ko Basque Culinary World Prize Sariaren irabazlea
Argitalpen-data:
Zock Zonfrillo chefa izendatu dute 2018ko Basque Culinary World Prize sariaren irabazle, “Orana Foundation-ek” egiten duen lanagatik. Jock Zonfrillok 100.000 euro jasoko ditu berak hautatutako proiektu batera bideratzeko, sukaldaritzaren ahalmen eraldatzailea islatzen duen proiektu batera, alegia.
Basque Culinary World Prize berdinik gabeko sari globala Eusko Jaurlaritzak, Euskadi-Basque Country estrategia integralaren barruan, eta gastronomiaren arloan nagusi den Basque Culinary Center (BCC) erakunde akademikoak ematen dute. Hainbat alorretan ekimen eraldatzaileak dituzten chefen lana aitortzen du, hala nola berrikuntzan, teknologian, hezkuntzan, ingurumenean, osasunean, elikagaien industrian eta garapen sozial eta ekonomikoan, besteak beste.
Zock Zonfrillo hamar finalistaren artean hautatu du irabazle munduko chef entzutetsuenetako hauez osatutako epaimahaiak: Joan Roca, Celler de Can Rocako chefa (Espainia) eta epaimahaiburua; Massimo Bottura (Italia), Gastón Acurio (Peru), Dominique Crenn (Estatu Batuak), Yoshihiro Narisawa (Japonia), Enrique Olvera (Mexiko), Mauro Colagreco (Frantzia), Andoni Luis Aduriz (Euskadi) eta Manu Buffara (Brasil).
Horiez gain, hainbat diziplinatako nazioarteko adituek ere osatu dute epaimahaia, hala nola Ruth Reichl idazle iparramerikarrak, Bee Wilson gastronomia-historiagile eta kazetari britainiarrak, Isle Crawford diseinugile britainiarrak eta 2017ko Basque Culinary World Prize sariaren irabazle Leonor Espinosa chef kolonbiarrak.
Honako hauek izan dira Basque Culinary World Prize saria eskuratzeko hamar finalistak (7 gizon eta 3 emakume): Anthony Myint (Estatu Batuak), Caleb Zigas (Estatu Batuak), Dieuveil Malonga (Kongoko Errepublika/Alemania), Ebru Baybara Demir (Turkia), Heidi Bjerkan. (Norvegia), Jock Zonfrillo (Australia/Eskozia), Karissa Becerra (Peru), Marc Puig-Pey (Espainia), Matt Orlando (Danimarka/Estatu Batuak) eta Virgilio Martínez (Peru).
Nazioarteko chefen belaunaldikoak dira eta, beren zeregina gizartean zabaltzen jakiteaz gain, ogibidea berriz definitzeko gai izan dira, bereizgarri dituzten jakintza, lidergoa, bokazio ekintzailea eta sormena erabiliz gizartean aldaketa eraldatzaileak sortzeko.
2017an, Leonor Espinosa chef kolonbiarrak eskuratu zuen saria.