Euskadik tren arloko teknologia berritzailea aurkeztu du Berlingo INNOTRANS azokan
Argitalpen-data:
Euskadik bere teknologia guztia eta tren arloko produktu berritzaileenak aurkeztu ditu Berlingo Innotrans azokan, tren sektoreko mundu osoko azoka garrantzitsuenean. Antonio Aiz Azpiegitura eta Garraio sailburuordeak, Alex Arriola SPRIko zuzendariak, Imanol Leza Euskotreneko zuzendariak, Aitor Garitano ETSko zuzendariak, eta Maria Sarricolea BTI-Spri Alemaniako zuzendariak, osatutako Eusko Jaurlaritzaren ordezkaritzak laguntza eman die Berlin Messe jendetsuan euren produktuak aurkezten dituzten Euskadiko 30 enpresa baino gehiagori.
Euskadin, tren sektorea, ekonomian pisu gehien duen sektoreetako bat da, 7.200 pertsona ingururi ematen die lana, eta Estatu osoko sektorearen %40 inguru hartzen du. Hori dela eta, Euskadi erreferentziazkoa da tren industrian. Sektorean lan egiten duten pertsonen %51k ETEtan egiten du lan, eta gainerakoek enpresa traktoreetan. Tren sektoreari lotutako euskal enpresek 1.700 milioi euro inguruko balio globala esportatzen dute.
Industria sektoreari dagokionez bakarrik, eraikuntza, ingeniaritza eta kontsultoretza zerbitzuak alde batera utzita, esportazioak 560M€-tik gorakoak dira, eta jomuga nagusia Europa da, 314M€-ko balioarekin. Hori dela eta, oso garrantzitsua da 60 herrialdetako 3.000 erakusle baino gehiago dituen Innotrans azokan parte hartzea.
Azokaren testuinguruan laneko topaketa egin da, eta beste batzuen artean enpresa hauek hartu dute parte: CAF, Danobat, JEZ, Amurrio Ferrocarriles, Ingeteam, Lander, Nem Solutions, Virlab, Ikusi, Ceit-IK4, Goratu, Vitual Wave, Electrónica Arteche, Irizar, Gamarra, Grupos Diferenciales, Flexix, Newtek Solidos, Xubi engranajes, MB sistemas, Visiona, Cetest, Kimua group, Rail Sider, Transitia, Velatia, Vectia, Visual Line, Sener edo Idom; bai eta euskadin inplantazioa duten Bombardier, Patentes Talgo, Elecnor, eta Comsa. Hainbat esparru hartzen dituzten proposamenekin etorri dira guztiak: material mugikorra, trenbideko teknologia, seinaleztapena, simulagailuak, soluzio berritzaileak mantentze-lanetan eta big data, eta baita ingeniaritza zibila ere, tren sektorearen gaur egungo eskakizunen eremu guztia hartuz, izan ere, digitalaren eta berrikuntzaren aldeko apustua garrantzia bereziko alorra da, eta horretan euskal enpresek benetako lider bilakatzea lortu dute.
Aldi berean, Estatu mailako tren sektoreko enpresak biltzen dituen MAFEX Clusterra ere bertan egongo da. Euskadiko enpresek oso parte garrantzitsua betetzen dute bai negozio zifrari dagokionez eta baita etorkizunean garapenerako aukera handiagoak erakusten dituzten alorretan duten presentziari dagokionez ere.
Azpimarratzekoa da, baita ere, Europa mailako tren operadore garrantzitsuenak biltzen dituen Community of European Railways (CER) erakundeko Zuzendari Nagusiaren presentzia. Euskotren modu ofizialean sartu da erakundean irail honetan bertan. Horrela, Euskotren CEReko kide den Estatuko bigarren operadorea bilakatu da, Renferekin batera, eta une honetatik aurrera, CEReko lan taldeetan parte hartu ahal izango du, Europar Batzordearen aurrean aholkularitza emateko lanean, Europar Batasuneko trenbide arautegiaren garapenarekin erlazionatutako alderdietan, Trenbideko Laugarren Paketearekin erlazionatutako guztian, batez ere.