ALERT proiektuak muga inguruko lurraldeetan larrialdiei ematen zaien erantzuna hobetuko du
Argitalpen-data:
Mugaz gaindiko arriskuei espazio komunean aurre hartzeko eta horien aurka borrokan egiteko Europako ALERT proiektuan parte hartuko duten erakundeak Irunen eta Hendaian elkartu dira, eta elkarrekin lanean jarraitzeko borondatea berretsi dute, larrialdiei erantzuteko eta lankidetza horren potentzialtasuna aztertzeko. ALERT proiektuak mugaz gaindiko lankidetza sustatzen du Pirinio Atlantikoko, Nafarroako, Aragoiko eta Gipuzkoako suhiltzaile zerbitzuen artean. Lau erakundeek 3.399.274 euroko inbertsioa egingo dute, eta Gipuzkoak %13 jarriko du. Europak % 65 finantzatuko du, POCTEFA programaren barruan aukeratutako hautagaitzetako bat izan baita. Proiektua 2018-2010 bitartean egingo da.
Ekitaldia Hendaian izan da eta, ondoren, erakundeetako ordezkariek sinbolikoki muga zeharkatu dute Irun aldera, Ficoba erakustazokan maniobra baten lekuko izateko kideen arteko lankidetzaren beharra ikusgai jartze aldera; maniobra horretan trafiko istripu bat simulatu da, arrisku teknologikoak tarteko direla, bi ibilgailu arinen eta salgai arriskutsuak daramatzan kamioi baten artean. Esku hartze horretan Gipuzkoako zein Pirinio Atlantikoetako sorospen taldeek parte hartu dute.
ALERT proiektuko erakundeen ordezkari gisa, besteak beste, izan dira Imanol Lasa, Gobernantzako eta Gizartearekiko Komunikazioko foru diputatua; Jean-Jacques Lasserre, Pirinio Atlantikoetako Departamentuko Kontseiluko lehendakaria; Maria Ángeles Júlvez, Aragoiko Gobernuko Barne Arloko eta Justiziako zuzendari nagusia; María José Beaumont, Nafarroako Gobernuko Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako kontseilaria; eta Arkaitz Orbegozo eta Jean-Pierre Mirande, Gipuzkoako Foru Aldundiko eta Pirinio Atlantikoetako suhiltzaile zerbitzuetako arduradunak.