Argitalpen-data: 2017/02/24

Loteria-apustuetako taldeetan sartzeko dei komertzialez ohartarazi du Kontsumobidek

Loteria-apostuetan bitartekari aritzen diren enpresek egiten dituzten telefono deiez ohartarazi du Kontsumobide-Kontsumoko Euskal Institutuak. Izan ere, dei horietan, teknika komertzial oldarkorrak baliatuta, hileroko kuota bat ordainduz apostuen talderen baten batean sartzera bultzatzen dituzte kontsumitzaileak.

Erraza da erabiltzen duten metodoa. Telefono-dei bat egiten dute; ustez, ausaz. Batzuetan, galdera erraz bat egiten dute, eta, zuzen erantzunez gero, sari gisa, aukera ematen dute apostuen talde batean parte hartzeko, zozketa batzuetan jokatu ahal izateko (99 lagunez osatutako taldeak izaten dira). Horretarako, hilean 60 euro jarri behar dira, eta, aldi horretan inolako saririk lortu ezean, jarritako dirua berreskuratu daitekeela hitzematen dute.

Kontua da inolako saririk jaso ez denean baino ezin dela erreklamatu jokatutako zenbatekoa itzultzea. Hala ere, hilero diru-sarrera bat jasotzen dute irabazien kontzeptuagatik; normalean diru-zenbateko urria izaten da, bi euro ingurukoa. Inguruabar horrek eragozten die itzulketa eskatzea.

Komertzialek telefono-deia egiteko baliatzen duten moduagatik, batzuetan, kontsumitzaileak ez dira konturatzen kontratu bat formalizatzen ari direnik. Kontratu hori automatikoki luzatzen da hilero, eta, ondorioz, kontsumitzaileari hileroko kuota kargatzen diote banku-kontuan.

Kasu horietan, taldean sartzea onartu, eta gero, taldetik ateratzea erabakitzen dutenek, kontratua deuseztatzeko, lehenik eta behin, enpresarekin harremanetan jarri behar dute, tramitea jasota geratzea uzten duen bitarteko bat baliatuta. Urrats hori egiten ez badute eta ordainagiria zuzenean itzultzen badute, kontratuak indarrean jarraitzen duela argudiatuko du enpresak, eta ordaindu ez diren kuotak erreklamatu ahal izango ditu.  

Kontsumoko Euskal Institutuak behin eta berriz esaten du oso zuhur eta kontuz jokatu beharra dagoela edozein dei komertzial jasotzen dugunean, eta, horretarako, hau gomendatzen du:

  • Ez utzi presiona zaitzaten, eta ez egin kasurik horrelako deiei.
  • Ez sinatu eta ez onartu espresuki kontraturik, behar bezala hausnartu gabe.
  • Sinatu baino lehen, lasai irakurri kontratua.
  • Telefonoz inoiz ez eman banku-daturik.