Argitalpen-data: 2016/05/10

Lehendakariak eman ditu lehen sektorean eta elikagaien industrian egindako ibilbide profesionala aitortzeko Nardiz sariak

Aurten, Kaiku, Atunontzi izoztaileen Armadoreen Elkartea eta Bacalao Giraldo saritu dituzte.

Iñigo Urkullu lehendakariak eman ditu lehen sektorean eta elikagaien industrian egindako ibilbide profesionala aitortzeko 2016ko Nardiz sariak. Saria jaso dute Kaiku kooperatibak, nekazaritza-sektorean; arrantzan, Atunontzi izoztaileen Armadoreen Elkarteak; eta elikagaien industrian, Bacalao Giraldo enpresak. Lehendakaritzan egin da sari-banaketa eta Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburu Arantxa Tapiak ere parte hartu du.

Lehendakariak nabarmendu du lehen sektoreak, zehazki, elikagaien industriak euskal ekonomiari eta enplegu-sorrerari egiten dion ekarpena. Izan ere, Euskadin 96.000 pertsonari ematen dio lana zuzenean. Urkulluk gogora ekarri du Eusko Jaurlaritzak elikagaien industriaren alde egin duela apustu; horren adibide, RIS 3 Espezializazio Adimentsurako Estrategiak "abagune-eremu" izendatu duela. "Elikagaiena hazten ari den merkatua da, enplegua sortzen eta balioa eransten duena, eta trakzio-ahalmen handia dauka, bereziki, lehen sektoreak eta tokiko produktuek", gaineratu du.

Azaldu duenez, Jaurlaritzak ikerketaren eta teknologia-zentroetako ezagutza sektorean aplikatzearen alde egin du apustu, estilo berri bat eta lankidetzaren kultura sustatuz. Bere iritzian, Nardiz sariek helburu partekatu horiek indartzeko ere balio dute.

Sariak 2003an ezarri ziren, Eusko Jaurlaritzako lehen Nekazaritza Sailburuaren izenarekin. Saridunak Jabier Herrero artista arabarrak sari hauetarako esklusiboki sortutako obra bat jaso dute. Argizari galduz brontzean moldekatutako eskultura bat da, haritz egurrezko idulki gainean, eta zutik aulki baten gainean dagoen pertsona bat irudikatzen du, egonkortasunaren sinbolo gisa, eta hiru oinarrizko elementuen erreferentziak ditu: Lurra, Itsasoa eta Airea.

Sarituak

ANABAC, Atunontzi Izoztaileen Armadoreen Elkartea, Bermeon eratu zen, 1977an, eta gaur egun Euskal Herriko inguraketako atunontzi izoztaileak batzen ditu. Lau enpresa talderen esku daude elkarteko atunontzi horiek: Atunsa, Echebastar, Inpesca eta Pevasa. 25 atunontzi izoztaile eta 12 laguntza ontzi ditu guztira, hau da, Euskal Herriko atunontzi izoztaileen %80, Espainiakoaren %60 eta Europakoaren %40. Bere helburua da kolektibo horren interesen defentsa, bai eta era arduratsuan arrantzatuz espeziea iraunaraztea ere.

ANABAC sektoreko berrikuntzaren bultzatzailea izan da, atunontzi izoztaileen flota munduko erreferentzia bihurtu baitu, tunido tropikalen arrantza iraunkorrari dagokionez. Esan dezakegu ANABACen lana aparteko adibidea dela nazioartean; zientzia arrantzaren jardunean txertatu du eta erakundeekin batera lan asko egin du, atunontzi izoztaileen flota nazioartean lidergo posizioan kokatuta.

KAIKU Kooperatiba Elkartea oso ezaguna da kontsumitzaileen artean Hirurogei urte baino gehiagoko ibilbidea egina du eta pasa den mendearen erdialdean sortu ziren esne kooperatibetan du bere jatorria –Iruñean (Copeleche, 1953), Bilbon (Beyena, 1953) eta Gipuzkoan (Gurelesa, 1954)–.

Kaiku 1999an sortu zen, bigarren mailako kooperatiba gisa, Copeleche eta Gurelesa batuta, eta 2009an prozesua bukatu eta lehen mailako kooperatiba bihurtu zen. Gaur egun, Kaikuk 400 bazkide baino gehiago ditu eta Euskal Herriko eta Nafarroako lurralde guztietako hornitzaileak.

Sortu zen unetik, industria propioak bultzatu zituen ustiategietako esnearen bilketa bermatzeko. Esnearen bilketa egituratzen aritu zen eta esneari balio erantsia ematen, esnekiak landuz eta merkaturatuz. Azpimarratu behar da egiten duen funtzio soziala, izan ere, ustiategi txikien biziraupena ahalbidetzen du, mendialdeetan esnea bilduta eta kostu logistiko garrantzitsuak bere gain hartuta.

Esnearen ontziratzeaz eta merkaturatzeaz ere arduratzen da enpresa partaidetuetan, esaterako, Iparlaten eta Kaiku Corporacion Alimentarian. Guztira, Kaikuk 1.200dik gora nekazariri ematen die zerbitzua, bai eta beste hainbeste hornitzaileri ere, eta urtean 160 milioi litrotik gora esne mugitzen du.

Bacalao Giraldo enpresa negozio familiarra izatetik enpresa talde garrantzitsua izatera igaro da hiru hamarkada baino gutxiagoan, eta arrain horren manipulazioan, komertzializazioan eta gastronomian erreferentzia da, dudarik gabe. Hirurogeita hamarreko hamarkadan ekin zion jarduerari, Giraldo familiak Vitoria-Gasteizen gobernatzen zuen janari dendari erabat aldatu nahi izan zuenean. Erabaki zuten bakailaoaren munduan espezializatzea, eta Gadus morhua espezieko “erdi ondutako” bakailaoa saltzen duten lehen enpresetako bat da, espezie hori izanik kalitate handienekoa.

Denborarekin, aurrera egin eta bakailaoa jada gezatuta eskaintzen hasi ziren, eta 80ko hamarkadan bakailaoa gezatzeko lehen sala eraiki zuten. Horrekin, produktua kozinatzeko prest eskaintzea izan zuten, bai partikularrei bai ostalaritzakoei. Laurogeiko hamarkadan, berriz, negozioa zabaldu eta Arabako mugetatik harago iristea planteatu zuten. Horretarako, instalazio modernoez hornitu ziren, 7.000 metro karratuko instalazio batean. Gaur egun, 50 banatzaile baino gehiago ditu eta lurralde nazional osoan zein beste herrialde batzuetan ere saltzen dute, esaterako Portugalen, Estatu Batuetan, Italian, Kolonbian, Austrian eta Arabiar Emirerrietan. Basque Culinary Centerrekin lankidetza estuan ari da eta euskal gastronomia sustatzeko eta zabaltzeko jarduera ugari egiten ditu, lehiaketak antolatuz, liburuak eta cd-ak argitaratuz, azoketan parte hartuz, sukalde gela bat sortuz, etab.