Argitalpen-data: 2016/10/05

Cristina Uriartek 2016ko Gure Artea sariak banatu ditu Gazteizko Artium museoan

Jose Antonio Sistiaga eta Mabi Revuelta artistek, eta La Taller proiektu kulturalak jaso dituzte 2016ko Gure Artea Sariak.

Cristina Uriarte Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailburuak 2016ko Gure Artea Sariak banatu ditu gaur arratsaldez, Gasteizko Artium, Arte Garaikideko Euskal Zentro-Museoan burutu den ekitaldian. 2016ko edizioaren irabazleak, eta gaur euren sariak jaso dituztenak, honako hauek izan dira:

  • Ibilbide artistikoa aitortzeko Gure Artea Saria, Jose Antonio Sistiagarentzat
  • Sorkuntza lana aitortzeko Gure Artea Saria, Mabi Revueltarentzat
  • Ikusizko arteen arloan agenteek egindako lana aitortzeko Gure Artea Saria, La Taller espazio eta kultura proiektua (Maite Martinez de Arenazak sustatua)

Sari banaketa ekitaldian, Cristina Uriarte sailburuak sarituak zoriontzeaz gain, epaimahaiaren lana eskertu du. Sari hauek Eusko Jaurlaritzak eman arren, erabaki epaimahai profesional batek erabakitzen dituela azpimarratu du Uriartek. “Guk, erakundeok, Jaurlaritzak, ezin dugu erabaki saria nori eman. Ez dagokigu. Ez litzateke egokia izango. Profesionalek, adituek, euskal artearen panorama ondo ezagutzen dutenek hartu behar dute erabakia, saria serioa izan dadin. Behin eta berriz esan izan dugu guk, erakundeok, bideak jarri behar ditugula, bitartekoak eskaini behar ditugula, aukerak zabaldu behar ditugula, baina egin, kultura egin, kultura sortu, zuek egiten duzue, egileok eta eragileok. Gaur, zuen festa da. Eta zuen bidez, guztiona”, azaldu du sailburuak.

Era berean, Gure Artea sariek euskal artisten lana ezagutarazteko duten garrantzia ere nabarmendu nahi izan du Uriartek. Baina bereziki, emakumeen lana ikusarazteko azken urteetan sari hauek izan duten garrantzia, eta arlo horretan Eusko Jaurlaritzak duen konpromisoa ere hizpide izan ditu sailburuak. “Honela, zuen lanaren garrantzia ikustarazten da. Honela, gure panorama artistiko bizian emakumeek duten pisua egiaztatzen da. Urtez urte, Gure Artea sariek gure herriko sorkuntzara egiten duten ekarpena agerian jartzen dute. Ikustarazteko ahalegin horretan, emakumeen lana agerian jartzeko lanean, Eusko Jaurlaritzak politika zehatzak hedatzeko konpromisoa hartu du, sarietatik harago. Eta konpromiso hori hemen berretsi nahi nuke”.

Sari banaketa ekitaldian epaimahaiko kideak ere parte hartzaile izan dira. 2016ko Gure Artea sarien epaimahaiburu Peio Aguirre Azkarate arte kritikaria izan da. Honekin batera, epaimahaiko kide izan dira: Abigail Lazkoz Saez, artista; Elena Aitzkoa Reinosa, artista eta iazko irabazlea; Koldo Almandoz de la Cruz, zinemagile eta kazetaria; eta Lucia Agirre Lopez, Guggenheim Bilbao Museoko curator-a.

Gure Artea sariek 18.000 euroko diru-kopurua du modalitate bakoitzeko. Sari hauen bidez, egin duten lana aitortu eta arte garaikidean eta euskal kulturan egindako ekarpena onartu nahi zaie irabazleei. Sortzaileak saritzen dira -bai euren ibilbide profesionalagatik, bai azken urte hauetan egin duten sormen jardueragatik- baina baita beste eragile edo erakunde batzuk ere, arte plastikoen edo ikusizko arteen eremuan egin duten jardueragatik.

Ibilbide artistikoa aitortzeko Gure Artea Saria: Jose Antonio Sistiaga (Donostia, 1932)

Saria: 18.000€

Epaimahaiak arrazoi hauetan oinarritu du bere erabakia, eta honako merezimendu hauek aitortzen dizkio artistari:

Jose Antonio Sistiaga (Donostia, 1932) artista ezaguna dugu bere margolanengatik eta zinemari egindako ekarpenengatik. Gaur taldean parte hartzen du, eta euskal artean historia egin duen abangoardiako artearen aitzindariz osatutako belaunaldiko kide da. Oso gaztetatik datorkio arte-zaletasuna. 1955 eta 1961 urteen artean, Paris izan zuen bizileku; han, informalismoa ezagutu zuen, galeria eta museoetako erakusketak bisitatuz, eta hiri zirraragarriak eskaintzen zion guztiaz busti zen. Arno Stern-en Académie du Jeudi-ra jo, eta metodologia eta hezkuntza-esperientzia berriak ikasi zituen Parisen bertan. Ia urtebetez Ibizan bizi ondoren, 1962an bueltatu zen Sistiaga Donostiara. Hamarkada hartan, Jorge Oteizarekiko harremana berrartu zuen, eta zeresan handia izan zuen Euskal Eskola delakoaren sorreran eta GAUR taldearen eraketan. Sistiagak Freinet hezkuntza-metodoari buruzko erakusketa pedagogiko bat aurkeztu zuen, lehenik eta behin 1965ean, Dionisio Barandiaran enpresaburuak utzitako espazio batean, eta 1966ko udaberrian, berriz, GAUR taldearen lehenengo erakusketa eta manifestua aurkeztu zituen, Barandiaran galerian.

Lehenengo aro hartan, Sistiagaren obra margolanek osatzen zuten gehienbat, lirismoaren eta informalismoaren korronteak nagusi zirelarik. Sistiagaren margolanak XX. mendeko euskal artearen historiaren parte dira. Sistiaga keinuzko pinturatik mugimenduaren artera pasatu zen, kamerarik gabeko zinemaren bidez, zuzenean zeluloidezko pelikularen gainean marraztuz eta horrela bitartekoen arteko harreman dialektikoa ezarriz. “…ere erera baleibu izik subua aruaren…” da bere film luze ezagunena. Lan horrekin (1968-70), zinemaren mundura sartu zen, fotogramak eskuz margotuz. Zinemaren historian zeluloide gainean pintaturiko film bakarra den honek urte eta erdiz eduki zuen artista buru belarri lanean, eta Madrilen proiektatu zuten, 1970ean; eta gero Londresen, Parisen, Bartzelonan eta New Yorken. Norman McLaren bezalako aitzindariek utzitako arrastoari jarraituz, Sistiagak XX. mendeko zinema esperimentalaren bidea jorratu zuen, eta halaxe aitortu zaio lan hori, nazio-mailan eta nazioartean egindako hainbat erakusketatan. “Goi-atmosferako aztarnak” (1988-1989) eta “Paisaia kezkagarria. Nokturnoa. Mendiburu eskultoreari omenaldia” (1990-91) dira bere beste film batzuk.

Nabarmena da pedagogia artistikoaren hezkuntza eta historiari egin dion ekarpena ere. Ostegunetako Akademia edo Adierazpen Askeko Lantegia sortu zuen 1963an. Esther Ferrer-en lankidetza izan zuen horretan Hezkuntza-esperientzia horiek Donostian egin ziren, 1968ra arte, eta bertan Freinet-en metodoak jarri zituen praktikan. 1964an, Esther Ferrer-en babesarekin, hezkuntzako saiakera bat egin zuen Euskal Autonomia Erkidegoko lehenengo kooperatibetako batean, Elorrioko Funcor-en, hain zuzen ere.

Azken hamarkada hauetan, Jose Antonio Sistiaga atsedenik gabe aritu da lanean, dedikaziozko sei hamarkada hartzen dituen ibilbide koherente bati ekarpen berriak eginez.

Atzera begirako bakarkako bere azken erakusketak Donostiako Koldo Mitxelena Kulturunean eta Altzuzako Jorge Oteiza museo-fundazioan egin ditu, 2011n eta 2015ean, hurrenez hurren.

Bere lana bakarkako nahiz taldeko hainbat erakusketatan erakutsia izan da; honako hauetan, esate baterako: Harvard Film Archive-n (Cambridge, Massachusetts, AEB), Madrilgo Centro de Arte Reina Sofía museoan, Parisko Musée du Cinema Centre Georges Pompidou-n, Bilboko Rekalde aretoan, Parisko Musée du Cinema Henri Langlois-en, Bilboko Arte Ederren Museoan, Donostiako San Telmo museoan, Bilboko Guggenheim museoan, Donostiako Tabakaleran eta beste hainbat lekutan.

Sorkuntza lana aitortzeko Gure Artea Saria: Mabi Revuelta (Bilbo, 1967)

Saria: 18.000€

Epaimahaiak arrazoi hauetan oinarritu du bere erabakia, eta honako merezimendu hauek aitortzen dizkio artistari:

Mabi Revuelta (Bilbo, 1967) gaur egun lanbide-jardunean bi hamarkadatik gora daramaten artisten belaunaldi batekoa da. Mabi Revueltak Arte Ederrak ikasi zituen Euskal Herriko Unibertsitatean; 1990ean eskuratu zuen lizentzia. Orduz geroztik, bere lana erakusten du, nazio-mailako nahiz nazioarteko galeria, arte-zentro, azoka eta museoetan aldizka erakusketak jarriz. Horrela, bateragarri egiten ditu artista plastiko gisa duen karrera irakaskuntzarekin eta artearen pedagogia berrien ikerkuntzarekin. Mabi Revueltaren lana indartzen joan da azken hamarkada honetan, lankidetza eta hezkuntzaren uztarketa erabiliz bere jardunaren berezko elementu gisa. Bere lanean aipagarriak dira diziplinartekotasuna eta beste agente sortzaileekin izaten dituen lankidetza-prozesuak. Horri esker, ikus daitezkeen ondorioak dituen eta agente konplizeen sare batera iristen den soziabilizazioa lortu du bere lanak.

ABECEDA proiektuarekin hasi zenetik (2009), Europa erdialdeko abangoardia modernoak berrikusteko lanean murgildu zen artista, diziplina artistiko desberdinak –diseinua, tipografia, dantza, koreografia eta argazkia– uztartuz. Proiektu horren emaitza da ABECEDA, 2009an Bilboko Arriaga antzokian diziplina anitzeko ikuskizun gisa eman zen ballet triadikoa, artea, antzerkia, dantza eta eszenografia batzen zituena. Proiektu horri Dibertimendu Tipografikoak-ek jarraitu zion (2010-2013). Bi proiektuek Abeceda –”alfabetoa” txekieraz– liburuan dute jatorria. Liburu hori Pragan argitaratu zen, 1926an, Vítezslav Nezval idazlearen, Karel Teige artista eta diseinatzailearen eta Milca Mayerová dantzari eta koreografoaren arteko lankidetzaren emaitza gisa. Txekoslovakiako abangoardiaren aitzindari haiek bizitza modernorako alfabeto (ludiko) bat asmatu zuten, hizkuntza berri baten oinarriak ezartzeko asmoz; eskolako silabario bat, Lehenengo Mundu Gerrak utzitako hondamendiaren ondoren mundu berri bat eraikitzen lagunduko zuena, poesiaren, diseinuaren eta dantzaren bidez. Bi proiektuak orain dela gutxi bildu dira, bakarkako bere azken erakusketan; hain zuzen ere, Gasteizko Arte Garaikideko Artium Zentro-Museoan Jostailu Hautsiezinak izenarekin 2015ean egindako erakusketan. Hiru ardatz ditu erakusketa horrek: hizkuntza, jolasa eta arte-hezkuntza.

2000tik 2003ra, New York-en egon zen bizitzen; Marcelino Botín fundazioaren beka baten laguntzarekin, bere prestakuntza osatu zuen han, International Studio & Curatorial Program-en. Izen handiko lekuetan jarri ditu erakusketak: Bilboko Guggenheim museoan, New Yorkeko ISCPn, Pekin eta Tokioko Cervantes institutuetan, New Yorkeko museo Erotikoan, Gasteizko ARTIUM museoan, Tenerifeko TEA museoan, Madrileko La Casa Encendida-n, Bilboko Bilbaoarte fundazioan, eta Bilboko Vanguardia eta Madrileko Raquel Ponce galerietan.

Ikusizko arteen arloan agenteek egindako lana aitortzeko Gure Artea Saria: La Taller proiektu kulturala eta espazioa

Saria:18.000€

Epaimahaiak arrazoi hauetan oinarritu du bere erabakia, eta honako merezimendu hauek aitortzen dizkio agenteari:

Bilboko Santutxu auzo jendetsuaren eta Alde Zaharraren artean, Solokoetxe dago, La Taller proiektu kulturala kokatuta dagoen auzoa. La Taller espazio hibridoa da: alde batetik, ekoizpeneko eta edizio grafikoko lantegi bat da eta, bestetik, bi erakusketa-areto ditu.

2010eko irailetik dago martxan, Maite Martínez de Arenazaren zuzendaritzapean. Maite Martínez de Arenaza, bestalde, grabatuaren munduan dabil lanean 1994az geroztik. La Tallerren, grafika garaikidea lantzen da, iraulketa- eta arrasto-prozesuen kontzeptu hedatua, hain zuzen ere. Hau da, grabatuaren mundutik abiatuta, beste diziplina artistiko batzuk uztartzen dira, edo alderantziz. Proposamen horiek muga teknikoak edo kontzeptualak zalantzan jartzen dituzte, eta eremu oso desberdinen arteko sinergiak sortzen dira horrela; esate baterako, ikusizko arteak, musika eta kazetaritza uztartzen dira, oso desberdinak diren arloak, alegia.

Ikuspegi horretatik abiatuta, La Tallerrek hainbat jarduera egiten ditu: ikerketa, erakusketak, adierazpen artistiko garaikideen zabalkundea eta profesionalentzako eta amateurrentzako prestakuntza. La Tallerrek zenbait balio utziezien eta negoziaezin ezartzen ditu truke eta proiektu guztietan: gizartean integratzeko helburuarekin, kudeaketa eta programazio feminista duten proiektuak eratzea; eta kultura, arte garaikide eta grafikaren mundura gerturatzeko eskaintzak egitea arlo horietara gerturatu nahi duten pertsona guztiei, euskaraz eta gaztelaniaz, eta artista eta adituen ekintza-espektroa mugatu gabe.

Obra grafikoa lantzeko, ikertzeko, berritzeko eta gauzatzeko beharrezkoa den azpiegitura guztia dauka La Tallerreko lantegiak, eta orain dela gutxi beste espazio bat ireki du Erredakzioa izeneko proiektu berritzailea gauzatzeko. Artearen, grabatuaren, erreportaje-kazetaritzaren eta prentsa idatziko inprimaketa-bitartekoen munduak modu esperimentalean gauzatzeko erabiltzen da espazio berri hori, eta erakusketetarako eremu berezi bat ere badauka. Hain zuzen ere azken eremu horretan erakusketa-programazio interesgarria gauzatzen ari da La Taller, izan ere sortzaile ugariri ematen ari baita haien lanak erakusteko aukera, bai Solokoetxeko espazioan eta bai arte grafikoetako azoketan; esate baterako, artista hauei: Miren Arenzana, Susana Talayero, Charo Garaigorta, Gema Intxausti, Aristide Stornelli, Zuhar Iruretagoiena, Jeleton, Duen Xara Sacchi eta abar.

Aipatutako arlo desberdinak ez daitezela itxi bezala ulertu eta etengabe uztartu daitezela da La Tallerren helburua; hau da, etengabe nahastu daitezela, La Tallerrekin interakzioan aritzen diren erabiltzaile, artista edo eragileen beharrizanen arabera estatus bat edo bestea hartuz.