Argitalpen-data: 2015/02/04

Minbiziaren kontrako munduko eguna

2013ko heriotzei buruzko datuen arabera, 5.918 lagun hil ziren minbiziagatik (3.697 gizon eta 2.221 emakume). Horrenbestez, gaixotasun horrek heriotzen % 30 eragin zituen, eta Euskadiko heriotza-kausa nagusia da. Bigarrena gaixotasun kardiobaskularrak dira (% 27,5).

 

Minbiziari buruzko Euskadiko erregistroko datuen arabera, 2007-2011 urteen artean, Euskadin 63.178 minbizi kasu berri diagnostikatu zituzten, 12.636 kasu urtean (1.748 Araban, 6.855 Bizkaian eta 4.033 Gipuzkoan). Kasuen % 50 lau motek biltzen dituzte: kolon eta ondestekoak, prostatakoak, birikakoak eta bularrekoak.

 

Sexuaren araberako banaketari dagokionez, intzidentzia gizonengan emakumeengan baino % 76 handiagoa da, adin-talde guztiak kontuan hartzen baditugu eta maila homologarri batera egokitzen baditugu.

 

Tumore gaiztoen bilakaerari dagokionez, 2000 eta 2011 artean, emakumeengan urtean % 1,3 gehitu dira(% 0,9 Araban, % 1,3 Bizkaian eta % 1,4 Gipuzkoan), batez ere, birikako minbizi, kolon-ondesteko minbizi eta tiroideko minbizi kasu gehiago izan direlako.

 

2000 eta 2011 artean, gizonengan ez da tumore kopuruaren hazkunderik izan, nahiz eta aurreko tarteetan halakorik izan den. Izan ere, kolon-ondesteko minbizi eta tiroideko minbizi kasu gehiago izan arren, ahoko eta faringeko, esofagoko, laringeko eta birikako minbizi-tasak nabarmen txikitu dira.

2020. urterako helburua: Minbizi kasuak eta haien heriotza tasa %5 eta %10 artean gutxitzea

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak anbizio handiko helburuak ditu 2020. urterako: minbizi mota gehienen intzidentzia eta heriotza-tasa % 5 eta % 10 artean txikitzea, baita emakumeengan birikako minbiziaren gorako joera geldiaraztea ere. Horretarako, lehentasunezkotzat jo dituzten prebentzio eta arreta neurriak hartuko ditu. 2013-2020 aldiko Osasun Planak biltzen ditu.

 

Horien artean, adibidez, dago minbizia barne hartzen duten erakunde sanitario integratuetan tumore batzordeak sortzea, lehen mailako arretako kasu berezien balorazioa, tratamendua eta segimendua egiteko. Bularreko minbiziaren detekzio goiztiarreko programaren estaldurari eustea eta koloneko eta ondesteko minbizia beheketa programaren estaldurari eustea, 50 eta 69 urteko herritarren % 100i iristeko. Helburu hori bete dute, baina partaidetza eta detekzio-tasa hobetu behar dira. Gainera, etorkizuneko medikuntzako arlo zabal bat zabaltzen duen neurria aipatu behar da: medikuntza pertsonalizatua bultzatzea, ebidentzia zientifikoa duten tumore-prozesuetarako.

 

Neurri horiei esker, gero eta tumore gaizto gehiago detektatzen dira etapa goiztiarretan. «Biziraupena handitzen dut, gaixotasunaren aurkako tratamendu arinagoak erabiltzea ahalbidetzen dute, eta minbizia duten pertsonen bizi kalitatea handitzen dute», azaldu du Jon Darpón sailburuak. Halaber, minbiziaren aurkako munduko egunean, sailburuak gogorarazi du zer garrantzitsua den Osakidetzak abiarazitako beheketa-programetan parte hartzea eta ohitura osasungarriak izatea.

 

Gainera, azaldu du Osasun Sailak ohitura osasungarriak bultzatzeko kanpainak abiarazi dituela osasun-zentroetan, anbulatorioetan eta ospitaleetan, eta horien helburua minbiziaren eta beste gaixotasun batzuen arrisku-faktoreak saihestea dela. Kanpaina horien bidez, tabakoarekiko eta alkoholarekiko mendekotasunak, gehiegizko pisua, sedentarismoa, zahartze aktibo osasungarria eta beste gai batzuk lantzen dira.