Argitalpen-data: 2014/11/21

Mungiako osasun zentro berria

Osasun Saila

Astelehenetik aurrera, hilak 24, 26.000 biztanle pasatxo dituen Mungiak Osasun Zentro berria izango du. Gaur inauguratu du Iñigo Urkullu lehendakariak, Osasun sailburu Jon Darpón, Osakidetzako zuzendari nagusi Jon Etxeberria eta Mungiako alkate Izaskun Uriagereka lagun zituela.

 

Osasun-zentro berriko langile izango diren profesionaletako batzuk ere bertan izan dira, egoitza bisitatu eta eskainiko diren zerbitzu berrien gaineko xehetasunak bertatik bertara ezagutzeko. Osasun-zentro moderno, zabal, oso funtzional eta irisgarria izango da, mungiarrei kalitatezko arreta eskainiko diena, beharren araberakoa, eta 2,8 milioi euroko inbertsioa egin dena.

 

Bisitaldiaren amaieran, Iñigo Urkullu lehendakariak eskerrak eman dizkie Osakidetzari profesionaltasunagatik: «Eraikin eta zerbitzu berriak zabaldu arren, gakoa gaur egoitza zaharrean lanean ari direnen eta astelehenean zentro honen ateak irekiko dituzten beharginen konpromisoa eta arreta da». Halaber, gogora ekarri du Eusko Jaurlaritzaren helburu direla pertsonak eta beren osasunarekin konprometitua dagoela. «Jaurlaritzak 2,8 milioi euroko inbertsioa egin du Mungiako Osasun Zentro berrian. Datorren urtean, 46,8 milioi inbertituko ditugu. Alegia, zentro hau halako 16 eraikitzeko beste. Krisi betean egonda ere, Eusko Jaurlaritzak oinarrizko gizarte zerbitzuetan inbertsioak egiten segituko du. Eta osasuneko ekipamenduak eta azpiegiturak modernizatuko ditu».

 

Osasun sailburu Jon Darpónek, bestalde, Eusko Jaurlaritzak gizarte-politiken alde egindako apustua nabarmendu nahi izan du, nagusiki, Euskal Osasun Sistemaren aldekoa; izan ere, Jaurlaritzak ez du murrizketarik egin, eta egunean 9,3 milioi euro bideratzen ditu osasun-arlora. «Agian sindikatu batzuei eta alderdi politikoren bati ere entzun diozue gobernuak murrizketak egiten dituela. Berriz, 2015ean, egunean 9,3 milioi euro bideratuko ditugu» Halaber, Jon Darpónek berretsi duenez, Euskadi da arreta-kalitate oneneko autonomia-erkidegoetako bat, aurten argitaratutako osasun-zerbitzuen gaineko zenbait balorazio-ikerlanen arabera. Deloitte aholkularitzak kaleratu du horietan berriena, hil honetan bertan. «Den-denetan sartu gaituzte onenen artean, eta Osakidetzaren zerbitzuaren kalitatea, prestigioa eta pazienteengan eragindako konfiantza nabarmentzen dute».

 

Azkenik, Osasuneko sailburuak azpimarratu duenez, «lanean segituko dugu, Osakidetzak arreta-kalitateari eta arreta-bikaintasunaren aldeko apustuari eutsi diezaion. Horretarako, 2015ean ere azpiegitura berriak inauguratuko ditugu». Esaterako, Zornotzako, Alonsotegiko, El Karmeloko, Miribillako, Retuertoko, Donostiako Alde Zaharreko, Zestoako, Kanpezuko edo Amurrioko lehen mailako arreta-zentroak. Era berean, Arabako Unibertsitate Ospitalean, Eibarko Ospitalean eta Urdulizekoan inbertsio handiak egingo ditugu.

 

Antzera jardun da Osakidetzaren zuzendari nagusi Jon Etxeberria. Bere iritzian, osasun-zentro berria «azpiegitura zabalagoa, prestatuagoa, funtzionalagoa izango da, eta zerbitzu berriak eskainiko ditu, funtsean, mungiarren beharren araberakoa delako». Azaldu duenez, «Osakidetzak azpiegitura berriak martxan jartzeko bidean aurrerako urrats sendo bat eman du, eta horri zentroan egunez egun arituko diren medikuen, erizainen, emaginen edota administrarien esperientzia eta profesionaltasuna gehituta, eskainitako osasun-arretaren kalitatea are hobea izango da».

 

Mungiako osasun-zentro berria aintzat hartuta, Osakidetzak gero eta zentro ditu gehiago ditu Euskadi osoan.«Osakidetza presente dago Euskadiko udalerri, auzo, etab., guztietan, ekitatearen aldeko zerbitzu publiko, unibertsal eta kalitatezkoa eskainiz eta argi utziz berak nahiz Eusko Jaurlaritzak pertsona dutela helburu, egunero frogatzen duten legez», adierazi du Jon Etxeberriak.

 

Bestalde, Mungiako alkate Izaskun Uriagereka pozik agertu da osasun-azpiegitura berriaren irekierarekin, adierazi duenez,«Eskerrak gure eskualdearen apostua egiteagatik eta eskerrak gure Osasunaren aldeko polítika eta inbertsioak egiten jarraitzeagatik. Eta baita bere, noski, eskerrak profesional bikainak herriaren zerbitzura eskaintzeagatik, eurak barik erainkin hau arima bako gorputz bat baino ez litzateke izango eta”.