Argitalpen-data: 2014/10/29
Iktusaren Munduko Eguna
Osasun Saila
Gaur, urriaren 29an, «Bat egin gurekin iktusaren kontrako borrokan» lelopean, Basurtuko, Donostiako eta Arabako unibertsitate-ospitaleek prebentzio-probak egingo dizkiete nahi duten pertsonei
Iktusa burmuin-zirkulazioko asaldura bortitza da, burmuinaren gune jakin baten funtzioa asaldatzen duena, eta urtero intzidentzia handiagoa du, populazioa gero eta zaharragoa baita

Euskadin, 4.600 iktus-kasu berri erregistratzen dira urtero, eta horiek euskal ospitaleetako neurologia-zerbitzuetan ospitaleratzen direnen erdia dira. Nolanahi ere, prebentzioren, goiz antzematearen eta arreta espezializatua hobetzearen arloan egiten ari garen lan handiari esker, iktusak eragindako heriotza-tasa murrizten ari gara.
Osakidetzak iktusaren bost unitate espezifiko ditu Gurutzetako, Basurtuko eta Galdakaoko ospitaleetan, Bizkaian, Donostiako ospitalean, Gipuzkoan, eta Arabako ospitalean, Araban. Unitateotan, 23 ohe daude eta unitate guzti hauetan, urteetan zehar lortutako emaitza onak, profesionalei zor zaizkie: neurologoak, neuroradiologoak, neurikirurgialariak, erizainak, fisioterapeutak, erreabilitatzaileak, urgentziazko zerbitzuetako osasun langileak eta abar. Profesional hauei guztiei esker, Euskadin, Iktusari aurre egiteko baliabide eraginkorragoak izan ditugu.Honen ondorioz ere, burmuin osasun arazo hau hartatzeko Euskadi herri aurreratuen artean dago. Halaber, emaitza on hauek lortzeko errekurtsoen lurralde antolamendua eraginkorra izan da eta “Iktus Kodea” 112 zerbitzua dela medio berebiziko garrantzia izan du ere.
Urte honetako Iktusaren Munduko Egunean, prebentzioaren garrantzia nabarmendu nahi izan da beste behin: abisu-seinaleak identifikatzen ikastea eta saihesteko nola jardun behar den jakitea. Hori du, bada, oinarri «Bat egin gurekin iktusaren kontrako borrokan» leloak.
Basurtuko, Arabako eta Donostiako ospitaleek informazio-kanpaina honetan parte hartzen dute, gaixotasuna eta hori nola prebenitu ezagutarazteko. Kanpainari jarraiki, zentro bakoitzeko osasun-langileek iktusa prebenitzeko probak egingo dizkiete nahi duten pertsonei; esaterako, arteria-presioa eta gluzemia kontrolatzea eta doppler (ekografia) bat egitea.
Gainera, Osakidetzak iktusari buruzko informazio osoa du bere webgunean (www.osakidetza.net): zer da iktusa, zergatik sortzen da, zer prebentzio-neurri daude, zeintzuk dira alarma-sintomak, eta abar.
Kanpaina hau gaixotasun honen beharrezko eta oinarrizko prebentzio-politikaren barruan sartzen da; izan ere, adituen arabera, beharrezkoa da alda daitezkeen arrisku-faktoreak (hipertentsioa, diabetesa, bihotz-gaixotasunak, fibrilazio aurikularra, alkohol gehiegi kontsumitzea, kolesterola, tabakoa, obesitatea, sindrome metabolikoa eta lo-apnea) ezagutzea eta larrialdietako arreta neurologiko koordinatu eta diziplina anitzekoa izatea. Kanpainaren helburua hurrengo urteetan iktusak eragindako heriotzen tasa % 20 murriztea da. Gainera, epe luzeko helburu gisa, herritarren osasun-hezkuntza hobetu nahi da, eta iktus-kode izenekoa hedatu, ospitaleez kanpoko larrialdiak koordinatu, iktusaren unitateen kopurua handitu eta ikerketa neurobaskular gehiago egin.
INFORMAZIOA JASOTZEKO TOKIAK ETA ORDUTEGIAK
- Donostiako Unibertsitate Ospitalea
Begiristain doktorearen pasealekua, 109 – Donostia
Ordutegia: 10:00etatik 15:00etara - Basurtuko Unibertsitate Ospitalea
Montevideo etorbidea, 18 – Bilbo
Ordutegia: 09:00etatik 14:00etara - Arabako Unibertsitate Ospitalea
Jose Antxotegi kalea, z.g. – Gasteiz
Ordutegia: 10:00etatik 15:00etara