Argitalpen-data: 2014/05/26
944 00 75 73: Tabakoa erretzeari uzten laguntzeko doako telefonoa
Osakidetzak erreminta berri bat jarri du abian tabakoa erretzeari uzteko
Mendekotasuna gainditzeko programetan parte hartu duten pertsonen kopurua bikoiztu egin da 2013an
Osasun Saila
Jon Darpón osasun-sailburuak 944 00 75 73 telefonoa aurkeztu du gaur goizean, Osakidetzak tabakoa erretzeari utzi nahi duten pertsona guztiei laguntzeko abian jarri duen telefono-zenbakia.
Osasun sailburuak adierazi duen moduan, “osasun-kontseiluko erizaintzako profesionalen zerbitzupean egongo den telefono berri honen bidez indartu egiten dira gaur egun mendekotasuna gainditzeko dauden sistemak; gainera, lehen-mailako arretako, Osarean-osasun-kontseiluko naiz Osakidetzako web orriko profesionalen arteko zerbitzua osatzen eta gaineratzen du, tabakismoaren tratamenduari ekiteko”.
Era berean, eta Jon Darpónek azpimarratu duenaren arabera, tabakoa erretzeari uzten laguntzeko lerroak behar bezala betetzen du MPOWER Estrategiaren helburua, hau da, Osasunaren Mundu Erakundearen tabakismoaren epidemia murrizteko neurrien plana, horrela, mendekotasuna klinikoki tratatzeko zerbitzu erabilgarriak eskaintzeko; gainera, hark tabakoa uzteko aholkularitza errazten duten osasun-sistemak sendotzea gomendatzen du, lehen-mailako arretaren baitan eta erretzeari uzten laguntzeko telefono-lineen eta baliabide komunitarioen bitartez.
Osasun-kontseiluko erizaintzako profesionalek eskainiko duten doako 944 00 75 73 telefono-zenbakian telefono bidezko laguntza eskainiko da tabakoa erretzeari uzteko prozesuan zehar, aholkuak emateko telefono bidezko harremanetan oinarrituz eta osasun-zentroko aurrez aurreko arretarekin batera koordinatuko den plan pertsonalizatu baten arabera.
Funtzionamendua
Telefono-zenbaki horretara deitzean tabakoari buruzko informazio guztia eskainiko da, eta telefono bidez erretzeari uzteko laguntza eskatzen duten pertsonei baheketa bat egingo zaie horien profila ezagutzeko. Gero, kasuan kasuko profesionalak esku hartzeko modurik egokiena adostuko du pertsonarekin.
Telefono bidezko tratamendua adostuz gero, hurrengo deia programatuko da jarraipena egin ahal izateko. Era berean, hitzordua eman ahal izango zaio osasun-zentroko erizaintza-langilearekin.
Kasu horietan, erizaintzako langileak osasun-kontseiluak adierazitako pertsonekin jarri beharko du harremanetan jarraitu beharreko tratamendua baloratzeko helburuarekin.
Gainera, lehen-mailako arretari dagokion taldeak telefono bidezko jarraipenaren edo tratamenduaren onuradun izan daitezkeen erretzaileak zitatu ahal izango ditu Osarean-eko (Osasun Kontseilua) erizaintza-agendan.
“OSAKIDETZA PREST DAGO TABAKOA UTZI NAHI DUTEN PERTSONA GUZTIEI LAGUNTZEKO”
Euskal herritarren tabako-kontsumoa eta hark eragindako heriotza-tasa murriztea da Osasun Sailaren helburua. Horretarako, epidemiaren aurka lan egin behar dugu guztiz esku hartuz, hau da, mendekotasuna gainditzeko sistemak ezarriz eta bizi-estilo eta -ingurune osasungarriak eta prebentzioa sustatuko dituzten politikak eta proiektuak garatuz, gazte eta nerabeen artean bereziki, Eusko Jaurlaritzaren 2013-2020 Osasun Planean jasotzen den moduan, hura baita osasun egokia sustatzera xedaturiko politika guztien garapenerako ibilbide-orria.
Osasun Sailak gogorarazi duen moduan, tabakoa da gehien saihestu daitekeen gizabanakoaren heriotza-kausa, tuberkulosiak, HIESak eta paludismo konbinatuak baino pertsona gehiago hiltzen baititu. 15 urtetan murrizten du bizi-itxaropena eta kontsumitzaileen erdiak hiltzen ditu. Biriketako minbizia guztien % 90 tabakoak eragiten ditu, baita hamar heriotzatik bat ere. Haren kontsumoak 25 patologia, gaixotasun kardiobaskular, arnasketa-gaixotasun eta birika gaizto baino gehiago eragiten ditu.
Euskal Autonomia Erkidegoko Osasun Inkestaren (EAEOI 2013) datuen arabera, Euskadiko heriotza guztien % 12,33 tabakoari egotz dakizkioke; 2012an 2.500 pertsona hil ziren tabakoaren ondorioz, gehienak gizonak (2.224 gizon eta 276 emakume). Horietatik % 26,33 arnasketa-gaixotasunek eragin zituzten, % 22,42 tumore gaiztoek eta % 11,55 gaixotasun kardiobaskularrek.
Ez erretzearen onurak nabarmenak dira hasiera-hasieratik; bost minutu igaro ostean tentsio arteriala normalizatzen hasten da, ordu gutxitan nikotina eta karbono monoxidoa erdira murrizten dira eta hurrengo bi egunetan bihotzeko bat jasateko arriskua murrizten hasten da, dastamena eta usaimena berreskuratzeaz gain. Urtebete igaro ostean, bihotz-gaixotasun bat jasateko arriskua erdira murrizten da (erretzaile batekin alderatuta), 5 urtetan birika-minbiziaz hiltzeko aukera erdira murrizten da (erretzaile batekin alderatuta) eta 10-15 urte igarotzean birika-minbiziaz hiltzeko probabilitatea inoiz erre ez duen pertsona batena bezalakoa da.
Tabakoa erretzeari uzten laguntzeko doako telefonoa Osasun Sailak eta Osakidetzak pertsonen zerbitzura jarri duten beste baliabide bat da, horrela, osasunean larriki eragiten duen ohitura hori alde batera uzteko.
Gainera, 2013an areagotu egin zen banakoei nahiz taldeei xedaturiko mendekotasuna gainditzeko tratamenduen eskaintza; horrela, Osasun Sailaren eta Osakidetzaren helburua bete zen, eta 2013. urte amaierarako mendekotasuna gainditzeko programak eskaintzen ziren Euskadiko osasun-zentro guztietan. Osasun-zentro guztietan tratamenduak eskaintzeko moduko prestakuntza duten profesionalak daude, azken 3 urteetan 1.984 pertsona prestatu baitira guztira. Osasun arloko profesionalei eskainitako mendekotasuna gainditzen laguntzeko prestakuntza handitu izanari eta horiek tabakismoaren aurrean duten eginkizun aktiboari esker ─aholku laburrak emanez (bilatu eta erregistratu; erretzeari uzteko gogoa baloratu; jarraipen-plan bat adostu)─, pertsona askok mendekotasuna gainditzeko tratamenduak jaso ahal izan dituzte modu sinplean, eta askok erretzeari utzi diote.
2013an ia % 50 igo da Osakidetzako osasun-zentroetan eskainitako tabakoarekiko mendekotasuna gainditzeko programetan parte hartu duten pertsonen kopurua, horiek 4.043 izan baitira (2012an, 2.389).
Horrela, banakako tratamenduetan 2.739 pertsonek hartu dute parte, horietatik 1.352 gizonak eta 1.387 emakumeak. Bestalde, talde-terapietan 1.304 pertsonek hartu dute parte, 744 emakumeak eta 560 emakumeak.
Urtea | 2012 | 2013 |
Gizonak | 936 | 1.352 |
Emakumeak | 928 | 1.387 |
Guztira | 1.864 | 2.739 |
Urtea | 2012 | 2013 |
Gizonak | 204 | 560 |
Emakumeak | 321 | 744 |
Guztira | 525 | 1.304 |
GIZARTEAK TABAKISMOAREN AURKAKO BORROKAN DUEN PARTAIDETZA
Konpromiso politiko sendoaz gain, tabakismoaren aurkako borrokak gizarte osoaren partaidetza izan behar du. Hau da, "ez erretzearen normaltasunaren" aurkako ekimenetan parte hartuko duten tokiko erakundeak, osasunaren arloko profesionalak, erakundeak eta gizarte-eragileak behar dira. Jon Darpón osasun-
sailburuak “osasunaren prebentziorako eta sustapenerako programak garatzeko orduan baterako lanak duen garrantzia" azpimarratu du, "eta tabakoaren kasuan, baita haren kontsumoa murrizteko egiten diren ekimenek ere, horiek esparru soziosanitariotik haratago baitoaz; izan ere, eta Jon Darpón jaunak adierazi duen moduan, herritarren osasuna eta ongizatea lortzeko behar-beharrezkoak dira pertsonen osasun egokian eragin dezaketen esku-hartzeak eta zeharkako nahiz sinergien politikak gauzatzea.
KERIK GABEKO ASTEA ETA TABAKORIK GABEKO MUNDUKO EGUNA
Maiatzaren 26tik 31ra −Tabakorik gabeko Munduko Eguna−, Kerik Gabeko XV. Astea ospatuko da, Osasunaren Mundu Erakundeak sustatutako ekimena, eta aurten, honako lelo hau izango du: “Uzten diozun bakoitzean, txapeldun! ".
Euskadin, egun hauetan zehar tabakoaren inguruko zenbait jarduera garatuko dira. Bertan parte hartuko dute Osakidetzako erakundeek, Lehen Mailako Arretarako Unitateek, Ospitaleek, Osasun Eskualdeek, Osasun Publikoak, Hezkuntzak, Udalek, mediku eta farmazeutikoen kolegio ofizialek, erakundeek, merkatariek nahiz herritarrek.
Horretarako, informazio-mahaiak, karpa korporatiboak, sentsibilizazio- eta informazio-kanpainak, solasaldiak, tailerrak, Kerik gabeko gelak eta Farmazietako erakusleihoak programen sarien entrega... antolatuko dira.
Ekintza horiek guztiek herritarrei tabakoaren arriskuak helaraztea dute helburu, baita tabakoa erretzeari uzteko aurrerapausoa eman nahi duten pertsona erretzaileei animatzea eta laguntzea ere, hori baita hartu lezaketen erabakirik onena, beraientzat nahiz ingurukoentzat.
TABAKOAREN KONTSUMOA EUSKADIN (EOEOI 2013)
Tabakoaren kontsumoak oso jaitsiera nabarmena izan du azken urteetan. Emakumezkoen kasuan, tabakoaren kontsumoak behera egin du, lehenengo aldiz, 1997tik. 2007an, emakumezkoen %21ek erretzen zuen, eta 2013an, %19k. Gizonezkoen kasuan, 2002an % 30 ziren, 2007an % 28, eta 2013an % 24.
| Gizonak | Emakumeak |
Urtea | 30,2 | 20,3 |
2002 | ||
2007 | 28,3 | 21,2 |
2013 | 24,1 | 18,7 |
Erretzaileen ehunekoa asko aldatzen da adinaren arabera. Gizonen artean, 25 eta 64 urte arteko gizonek erretzen dute gehien, eta emakumezkoen artean, berriz, 25 eta 44 urte artekoek. Neska gazteek mutilek baino gehiago erretzen dute.
| Gizonak | Emakumeak |
Adina |
|
|
15-24 | 14,0 | 14,6 |
25-44 | 29,7 | 25,6 |
45-64 | 30,0 | 23,9 |
65-74 | 13,7 | 4,3 |
>=75 | 10,7 | 1,0 |
Talde sozioekonomikoari dagokionez, tabako-kontsumoaren gizarte-desberdintasunen patroia aldatu egiten da adinaren arabera. 45 urtetik gorako gizon eta emakumeen artean, kontsumoa handitu egiten da gizarte-maila jaitsi ahala.
| Gizonak | Emakumeak |
Talde sozioekonomikoa | 18,4 | 14,9 |
I (Altua) | ||
II | 17,4 | 15,8 |
III | 23,1 | 18,8 |
IV | 26,7 | 20,8 |
V (Baxua) | 26,0 | 21,3 |