VI. Gazte Juztizia Plana

Helburuak

Gazte Justiziaren VI. Planaren (2025-2029) helburu orokorrek aurreko ataletan deskribatutako hiru zutabe dituzte funtsean: V. Planaren (2020-2024) ebaluazioa, Euskal Autonomia Erkidegoko gazte-justiziaren printzipioak eta ildo estrategikoak. Azken horiek honako hauek dira: prebentzio eta gutxieneko esku-hartzea; politika publikoen integrazioa; esku-hartzearen kalitatea, eta, ebidentzian oinarritutako tratamendu-programak.  

Helburuak honako hauek dira:

  • O1: EAEko Administrazio Orokorraren eskumenekoak diren Adingabeen Epaitegiek emandako ebazpen judizial guztiak betearaztea, betearazpenak hasteko epeak murriztuz.

 

  • O2: Gazte-justiziarekin zerikusia duten pertsona guztiei adiskidetze- programetarako sarbidea erraztea eta justizia errestauratiboko programetan sartzen diren pertsonen ehunekoa handitzea.

 

  • O3: Neurri judizialak betetzeko zentroetako protokoloak berrikustea, hobetzea eta homologatzea kalteberatasun-egoera posibleei erantzuteko.

 

  • O4: Gazte-justiziaren erantzunak erabiltzaileen profil desberdinetara eta delitu-testuinguruetara egokitzea, esku-hartze psikosozioedukatiboak zorroztasun zientifikoz eta teknikoz gauzatuz.

 

  • O5: Jokabide arau-hausleen arrisku-faktoreak detektatzea eta zehaztea, eta horien aurka babestea (gizarte- eta hezkuntza-eremuetatik).

 

  • O6: Berrerortzea eragiten duten kontrako faktoreei aurre egitea, administrazio bakoitzaren erantzukizunetik abiatuta.

 

  • O7: Gazte-justizian inplikatuta dauden eragileei prestakuntza espezializatua eta espezifikoa eskaintzea.

 

  • O8: Erabiltzaileei buruzko informazio-bilketa zabaltzea eta hobetzea esku-hartze efizientea eta eraginkorra ahalbidetzeko eta datu-ustiapen estatistikoa arina eta denbora errealekoa egin ahal izateko.

 

  • 09: Gainerako erakundeek osatzen duten sarearekin harremanetan egoteko eta modu koordinatuan lan egiteko eremuak zehaztea eta garatzea.

Eremua

2025-2029 

Parte-hartzaileak eta eragileak

 Euskal Autonomia Erkidegoko gazte-justizia esku-hartze publikoko sistema nagusiki hezitzailea da, eta arau-hauste penal bat egin duten adingabeek erantzukizuna bere gain hartzera eta haiek gizarteratzera bideratuta dago. Helburu horiek lortzeko, adingabe arau-hausleen bizi-ibilbideetan eragina duten faktore pertsonal, familiar, hezitzaile, sozial, osasun-faktoreak eta faktore komunitarioen aniztasuna kontuan hartzen dituen jardun integrala behar da. Izan ere, faktore horiek, askotan, Justizia eta Giza Eskubideen Sailaren eskumen-eremuaz haratago doaz.

Testuinguru horretan, adingabe arau-hausleen gaineko esku-hartzea gauzatzeko, ezinbestekoa da zeharkako eta sailarteko ikuspegia izatea neurri judizialak betearazteko –bai ingurune irekikoak, bai hezkuntza-zentrokoak– prozesu osoan zehar jarduketa publikoen koherentzia eta jarraitutasuna bermatzeko. Horretarako, segurtasunaren, osasunaren, hezkuntzaren eta enpleguaren arloan eskumena duten sailen parte-hartze koordinatua erabakigarria da biztanleria horren premia espezifikoei eraginkortasunez heltzeko eta gizarte-bazterkeriako eta berrerorketako egoerak eta jokabide arau-hauslearen kronifikazioa prebenitzeko.

Justizia eta Giza Eskubideen Sailaren Gazte Justiziaren Planaren helburutariko bat da sailen arteko lankidetza-esparrua ezartzea Eusko Jaurlaritzako gainerako sailekin eta, hala badagokio, beste autonomia-, foru- eta toki-administrazio publiko batzuekin. Esparru horren helburua da jarduketa-ildo partekatuak, koordinaziorako, informazio-trukerako eta erakundeen erantzunkidetasunerako mekanismo egonkorrak eta esku hartzeko irizpide komunak definitzea; hori guztiori eskura dauden baliabideak optimizatzeko eta adingabe arau-hausleei zuzendutako erantzunen kalitatea eta eraginkortasuna hobetzeko.

Gazte-justiziaren ikuspegi integratu hori indarrean dagoen arau-esparruarekin bat dator; bereziki, adingabeen erantzukizun penala arautzen duen 5/2000 Lege Organikoarekin, eta Euskal Autonomia Erkidegoan giza eskubideen, haurren eta nerabeen, hezkuntzaren, osasunaren eta gizarteratzearen arloan sustatutako politika publikoekin. Era berean, ikuspegi horrek legearekin gatazkan dauden adingabeei zuzendutako jarduketa publiko ororen buru izan behar diren printzipio hauek barne hartzen ditu: adingabearen interes gorena, hezkuntza-arloko esku-hartzea, proportzionaltasuna, gutxieneko esku-hartzea eta gizarteratzeko xedea.

Ikuspegi hori kontuan izanda, sailen arteko koordinazioa funtsezko elementu estrategikoa da gazte-justiziako politika publikoak diseinatu, ezarri eta ebaluatzeko, eta gizarteratzeko eta laneratzeko ibilbide pertsonalizatuak eraikitzen, familia- eta komunitate-inguruneak indartzen, eta gazte-justiziaren eredu koherente, jasangarri eta pertsonarengan zentratua garatzen laguntzen du; hori guztiori Euskal Autonomia Erkidegoaren esparruan.

  • Justizia eta Giza eskubideen Saileko Justizia sailburuordetza
  • Segurtasun Saila
  • Osasun Saila
  • Ekonomia, Lan eta Enplegu Saila
  • Hezkuntza Saila
  • Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren Saila

Edukitzen dituen proiektuak