Nortasun Ezaugarriak
Gaur egungo gizarte-larrialdiko egoerari buelta ematea etxebizitzaren arloan, etxebizitza eskuragarri, duin eta egokia eskuratzeko eta bertan egoteko baldintzak hobetuz, bai kolektibo eta biztanle zaurgarrienei zuzenduta, bai erdiko klaseei zuzenduta; bereziki, etxebizitza ordaintzeko gehiegizko ahalegina egin behar duten pertsona eta familiei zuzenduta, eta, zeharka, emakumeei eta gazteei (etxebizitza bat arrazoizko prezioan eskuratzeko duten egoera ekonomikoa okerragoa dela kontuan hartuta). Zehazki, EAEko gazteen emantzipazio maila hobetzea da helburua, emantzipazio-tasak EBko batez besteko mailara hurbiltzeko.
Eraikinen eta etxebizitzen parkea hobetzeari dagokionez, aurreko urteetan egindako ahalegin handiarekin aurrera jarraitzea, birgaitze-prozesuen erritmoa mantenduz (Etxebizitzaren Aldeko Itun Sozialaren helburuarekin bat etorriz) eta irisgarritasun unibertsala eta eraginkortasun energetikoa gehiago bultzatuz.
2027rako Euskadiko alokairu eskuragarriaren parkea nabarmen haz dadin lortzea eta herrialdeko azpiegitura sozialtzat hartzea, 2024-2028 agintaldirako aurreikusten diren 7.000 alokairuko etxebizitza berrietatik 5.250 sustatzearen bidez, askotariko erakundeen arteko elkarlanaren bidez eta eraikuntza-sektorearekiko eta hirugarren sektorearekiko kolaborazioa bultzatzearen bidez.
Halaber, hiru urte hauetan 62.000 etxebizitza eta 10.000 eraikin birgaitzea da helburua. Horietatik 3.500 eraikin eta 20.000 etxebizitzaren kasuan, horien eraginkortasun energetikoa hobetuko litzateke, EITen aplikazioa bultzatuko litzateke eta nabarmen hobetuko lirateke Euskadiko eraikinen eta etxebizitzen egungo parkearen eskuragarritasuna eta eraginkortasun energetikoa. 2025ean eta 2026an, birgaitze-politikaren inpaktuak EAEko bizitegi-eraikinen % 2,5ekoa izan behar du urtean; bada, 2027an, ehuneko horrek % 3koa izan behar du.
1. Bizilekuaren larrialdi-egoerari erantzutea, Estatuko legediak eta EAEko araudi propioak (Estatuan aitzindaria) baimentzen dituzten tresnak eta baliabideak aplikatuz eta garatuz. Zehazki, gobernantzarako eta erakundeen arteko elkarlanerako modu berri bat bultzatu nahi da. Modu horretan, Euskadiko Etxebizitza Foroak rol estrategikoa izatea da helburua, tentsio-eremu gisa aitortutako udalerrien egoera konplexuari heltzeko, neurri sorta bat aplikatuz. Neurri horiek zaurgarritasun handiko egoerak saihestea izan behar dute helburu, eta, aldi berean, etxebizitzaren prezio eskuragarria bultzatu behar dute, baita etxebizitza hutsen mobilizazioa ere, alokairuko etxebizitzen eskaintza handitzeko. Ahal bada, alokairu horien prezioa eskuragarria izatea bultzatu behar da, Biziguneren gisako programen bidez.
2. Alokairu babestuko etxebizitzen parkea handitzeko egin beharreko ahaleginarekin jarraitzea, 2036an Etxebizitzaren Aldeko Itun Sozialean agertzen den helburua lortzeko: urte horretarako parkea bikoiztea lortzea, eta, hala, Etxebiden izena emanda duten pertsona gehienen beharrari erantzutea. Horretarako, ekimen publikoa eta pribatua eta soziala konbinatzearen alde egiten du sustapen-ereduak, eta etxebizitza eskuratzeko beste formula alternatibo batzuk txertatzearen alde ere bai, hala nola cohousinga edo etxebizitza partekatua.
3. Prestazio-sistema zabalaren jarraipen integrala egitea, etxebizitza-merkatuaren egungo egoerara hobeto egokitzen saiatzeko. Eta Etxebizitzarako Prestazio Ekonomikoaren kudeaketa integrala bere gain hartzea, Etxebizitzarako Eskubide Subjektiboaren onarpen-esparruan. Hala, gainerako prestazioekin batera, alokairua ordaindu ahal izateko laguntza sendoa bat izango dute hamar milaka pertsona eta familiak.
4. Gazteen emantzipazio-prozesuak erabakitasunez babestea, Gaztelagunen irismena handituta, gazteei zuzendutako etxebizitza babestuaren esleipen-kuotak handituta, etxebizitza erosten laguntzeko abal-sistema bat martxan jarrita eta Gazteria Zuzendaritzaren Emantzipa programarekin koordinatuta.
5. Aurreko gida-planaren esparruan lortutako Euskadiko etxebizitzen eta eraikinen parkea birgaitzeko jarduketen erritmo altuarekin jarraitzea, 2036ko Etxebizitzaren Aldeko Itun Sozialak markatzen duen norabidean, birgaitze integralaren, irisgarritasuna hobetzearen eta eraginkortasun energetikoaren alde egiten duten jarduketak bultzatuz, Birgaitze-lanetako Hirigintza Sozietateekin elkarlanean. Hain zuzen ere, sozietate horiek EAEko udalen eta programen kudeaketarako erakunde laguntzaile gisa eskaintzen duten rola sendotuko dute.
6. 2025-2027 aldirako Etxebizitzaren Gida Planeko jarduketa guztietan genero-ikuspegia txertatzeko konpromisoa mantentzea. Helburu hori zeharkakoa da, eta estrategia guztiei eragiten die. Estrategia horien artean, honakoa nabarmentzen da: emakumeen etxebizitza-beharren jarraipen- eta analisi-prozesuei arreta berezia jartzea. Izan ere, batez beste, emakumeek egoera ekonomiko eta lan-egoera okerragoa izaten dute, eta, ondorioz, are muga gehiago dituzte etxebizitza eskuratzeko. EAEko emakume gazteen emantzipazio maila baxuagoa da.