"Osasuna zaintzea zeure esku dago" jardunaldi irekia Donostian

Donostialdea ESIak datorren ostegunean, otsailak 7, arratsaldeko 18:00etan, “Osasuna zaintzea zeure esku dago” izeneko jardunaldi irekia egingo du Donostiako Udalarekin elkarlanean, udal horretako osoko bilkuren aretoan.
Bertan “Osasun Karpeta” berria, Lehen Mailako Arretako “Eskariaren Kudeaketa” eta “Paziente Bizia-Paciente Activo” programaren esperientzia emango dira ezagutzera.Donostiako alkate Eneko Goiak inauguratuko du ekitaldia, eta Donostialdea ESIko gerente berriak, Itziar Pérezek, emango dio amaiera. Ekitaldia mediku eta pazienteen arteko harremana hobetzeko helburua duen “Osasun Karpeta” proiektuaren aurkezpenarekin hasiko da. Karpeta horren alderdi tekniko eta funtzionalak Marian Bermejok, Donostialdea ESIko Bezeroen Arreta Eremuen arduradunak, azalduko ditu; karpetaren abantailak, berriz, haren erabiltzailea den batek agertuko ditu pazientearen ikuspegitik.
Donostialdea ESIan lantzen ari diren proiektu berri garrantzitsuen artean dago, halaber, “Eskariaren Kudeaketa”. Kasu honetan Bidebieta-Pasai San Pedroko erizaina eta Lehen Mailako Arretako unitateko burua den Xabi Sanzek azalduko du nola ari den garatzen proiektu hori, zeinaren helburua baita Bezeroen Arreta Eremuetako (BAE) gestioaren bidez eta erizainaren balorazioaren bidez pazientearen beharrei erantzuteko maila profesional egokia identifikatzea. Horretarako, BAEetako profesionalek eta erizainek kontsultaren arrazoia baloratzen dute, diseinaturiko 20 protokolotan oinarrituta. Halaber, prozesu arin automugatuen kudeaketa erizaintzako zerbitzu-zorroan sartzeaz hitz egingo du.
Azkenik, “Paziente Bizia-Paciente Activo” azalduko da bi ikuspegitatik: batetik, programa horren Donostialdea ESIko arduraduna den Lourdes Ochoa de Retanak parte hartuko du; eta, bestetik, programa horretako paziente batek hitz egingo du, gaixotasunaren autozainketarako pazientearen ahalduntzeak duen garrantzia azpimarratuz. “Paziente Bizia-Paciente Activo” programak, Osakidetzaren Eskolaren bidez, patologia kronikoak dituztenei eta beren zaintzaileei aukera ematen die gaixotasuna hobeto ezagutu eta hura kontrolatzeko eguneroko bizitzan egin beharreko zainketak zein diren jakiteko, bai eta beren osasunaz arduratu eta hura zaintzeko erabaki egokiak hartzen ikasteko ere.
Azken aldaketako data: