Oiartzungo ur-jauzia (8,3 km)

 

Oiartzun ibaiaren ur-jauzia Gipuzkoako Lurralde Historikoaren ipar-ekialdeko muturrean kokatzen da, Donostialdea eskualdean eta Oiartzunetik gertu. Herri honetatik aipatutako tokira iritsi gaitezke GI-3420 errepidea hartzen badugu. Jauzia malkar ezkutu batean dago, bi irtenguneren artean, 341 metroko kotan, leku ilun, sarbide zaila eta seinalerik gabeko toki batean. Hura aurkitzen, Masustanegi presa txikiko kanalak lagunduko digu, Oiartzun ibaiaren ezkerraldetik, 413 metroko kotatik igarotzen delarik eta ur-jauziaren parean, honetatik oso gertu kokatzen da, baso hostogalkorraren pean, sasi gutxiko inguruan. Bidexka hau Itelazpirekin egindako hitzarmenaren barruan prestatu da.

 

Irudi gehiago

 Ibilbidearen nondik norakoak

Ibilbidea Ergoien auzoan hasten da, Oiartzun herrian, Tolare jatetxeko aparkalekuaren parean. Ibilbidea oinez edo mendiko bizikletarekin egin daiteke, GI-3420 errepidea hartuz, Lesakarako noranzkoan. Seigarren kilometroan, eskuinerantz doan saihesbide batetik, Intzensoro Bidea hartuko dugu. 100 bat metrotara pistak Artxabaletako baserriak zeharkatzen ditu, hauxe izanik aurkituko dugun azken herrigunea. 

Gaztainondoz beteriko pistak hurrenez hurren zeharkatzen du: 700 m-ra Intzensoro erreka. Lehenengo ubidetik, 750m-ra, Mandabide erreka igaroko dugu. Mandabide errekatxotik 920m-ra, jaitsiera txiki baten ondoren, eskuinean, baserrira  eta Penadegiko minizentralera doan saihesbidea utziko dugu.  Penadegiko minizentralera joateko saihesbidetik 475m-ra dagoen Olaxar erreka igaroko dugu.  Olaxar errekatik 1130 m-ra Oiartzun ibaia zeharkatuko dugu.  Oiartzun ibaiaren bidegurutzetik 200 m-ra eta Ergoiengo aparkalekutik 7,8 km-ra, mendian sartzeko pista utzi behar da. Baso-pista uzten dugun tokitik 90 metrora, maldan behera jaitsiko gara banalerro edo mendi-kordal batetik, pinudi bat zeharkatuz, kanalaren gainetik eta igaro beharko dugun pasabidea aurkitu arte.

Kanala mendebalderantz jarraituko dugu, eskuinaldetik, 400 metrotan zehar, kanalaren gainean dagoen bigarren pasabide baten inguruan, albotik igaroko dugun alanbre-hesi pasabide bat aurkitu arte. Toki honetan maldan behera jaitsiko gara, 60 bat metroko desnibela duen mendi-kordalaren edo banalerroaren ezkerretik, ibaia aurkitu arte.  Jaitsiera hasi eta gutxira, ur-jauziaren soinua entzuteko aukera izango dugu. Malda handia dela eta, kontu handiz ibiliko gara behatoki natural batera iritsi arte. Bertatik, ur-jauzia ikusi edo metro batzuk beherago ubidera jaisteko aukera izango dugu bertako putzuetan bainatzeko.  Itzulera etorri garen toki beretik egin dezakegu edo, ibilbide zirkular bat eginez, pista 4,2 km-tan zehar jarraitu bere azken tartean Artikutzako GI-3631 errepidera iritsi arte. Hortik, Oianleku parajetik alegia, berriro ere Oiartzun aldera jaitsi ahal izango gara.

Jaitsi

Azken aldaketako data: