Argitalpen-data: 2016/03/11

Errugbi hiztegi terminologikoaren aurkezpena Baionan

Hizkuntza Politikarako sailburuorde Patxi Baztarrikak gaur arratsaldean Baionan egin den Errugbi hiztegi terminologikoaren aurkezpenean parte hartu du. Aurkezpena, Estade Jean Gauder zelaian -Aviron Bayonnais-en zelaia- izan da. Honela, sailburordeaz gain, aurkezpenean parte hartu dute Baionako alkate Jean-René Etxegaraik, Aviron Bayonnais errugbi taldeko presidente diren Christian Devezek eta Francis Salagoïtyk, eta Euskadiko Errugbi Federazioko lehendakari Iñaki Laskurainek. Gainera, aurkezpenera bertaratu dira Iparraldeko hainbat errugbi klubetako ordezkariak, errugbi jokalariak, entrenatzaileak eta zaletuak.

Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzaren eginkizun nagusietako bat da euskararen erabilera areagotzeko neurri eta ekimenak martxan jartzea. Eta neurri hauetako bat da hiztegi terminologikoak sortzea eta gizartearen eskura jartzea. Honela, Errugbi Hiztegi Terminologikoa sortu du Hizkuntza Politikarako Sailburordetzak. Hiztegi honek errugbian erabiltzen den terminologia zehatza jasotzen du eta euskaraz termino hauek nola erabili beharko liratekeen zehazten du.

Hizkuntzak etengabe aldatzen ari dira, errealitatea bera ere aldatzen ari den heinean, horregatik, oso inportantea da hizkuntza etengabe eguneratzea eta modernizatzea. Horretarako, beharrezkoak dira hiztegi terminologikoak. 2001. urtetik, Eusko Jaurlaritzak Terminologia-lan plangintza abian jarri zuenetik, hain zuzen, Euskararen Aholku Batzordearen barruan dagoen Terminologia Batzordeak 52 hiztegi terminologiko onartu ditu. Horietatik, 40 liburu formatuan argitaratu dira; gainerakoak, argitaratzeko fasean daude. Gainera, hiztegi hauek EUSKALTERM Terminologia Banku Publikoan www.euskara.euskadi.eus/euskalterm  integratuta daude eta, bertan kontsulta daitezke.

Argitaratutako hiztegi guztiak, beraz ‘Errugbia Hiztegia’(pdf, 1017 Kb) ere, pdf formatuan eskuragarri daude Euskara webgunean, ‘Hiztegiak’ atalean (Terminologia Batzordeak onartutako hiztegiak izenburupean).