Argitalpen-data: 2014/02/20
Otsailaren 21a, Ama Hizkuntzaren Nazioarteko Eguna
16 eta 24 urte bitarteko gazteen % 28,6k euskara dute ama-hizkuntza
Otsailaren 21a Ama Hizkuntzaren Nazioarteko Egun izendatu zuen Unescok 1999an. Haurrak 3 urte bete arte etxean jasotzen duen hizkuntzari deitzen zaio ama-hizkuntza. Hizkuntza- eta kultura-aniztasuna bultzatzea du helburu ama-hizkuntzaren nazioarteko eguna ezartzeak, hau da, munduko herri guztiek darabiltzaten hizkuntza guztiak babestea.
Gazteen Euskal Behatokiak, Euskadiko gazteei dagokien informazio gaurkotua zabaltzeko eginkizunari erantzunik, Euskadiko gazteen ama-hizkuntzari edo lehen hizkuntzari buruzko datuak aztertu ditu. Horretarako, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzaren V. Inkesta Soziolinguistikoa hartu du oinarri.
Euskadin, euskara da 16 eta 24 urte bitarteko gazteen % 28,6en ama-hizkuntza. Ehuneko horren baitan, bi egoera bereizten dira: 3 urte bete arte etxean euskara baino entzun ez dutenena, hau da, gazteen % 17,7ena; eta bi ama-hizkuntza (euskara eta gaztelania) dituztenena, hau da, gazteen % 10,9ena.
EAEko biztanleria osoari dagokionez (16 urtetik gorakoei), euskara ama-hizkuntza dutenen ehunekoa gazteena baino apalagoa da: % 22,9.
Gazteei eta biztanleria osoari dagozkien zifren arteko aldea honi zor zaio: gazteei dagokienez, ama-hizkuntza euskara eta gaztelania duten gazteak % 10,9 dira, eta % 5,4 biztanleria osoan. Euskara ama-hizkuntza bakar dutenen ehunekoak antzekoak dira gazteen artean eta biztanleria osoan.

1991tik 2011ra, hau da, 20 urteko epean, euskara ama-hizkuntza duten gazteen ehunekoa % 20,4tik % 28,6ra igo da. Kasu honetan ere, aldea euskara eta gaztelania ama-hizkuntzatzat dutela diotenen ehunekoan datza (% 10,9 2011n; % 3,4 1991n).

Gainera, alde nabarmenak daude lurralde historiko batetik bestera: 2011n, Araban, 16 eta 24 urte bitarteko gazteen % 12k diote euskara dutela ama-hizkuntzatzat, bakarrik edo gaztelaniarekin batera; Bizkaian, ehuneko hori % 20,6koa da; Gipuzkoan, aldiz, % 49,3koa da.

Jarrai gaitzazu gizarte-sareetan!