Argitalpen-data: 2014/01/10
Hamar gaztetatik lauk uste dute gazteen egoera txarra dela
Hala ere, gazteen % 73 pozik daude beraien egoera pertsonalarekin
Nahiz eta gaurko egoera latza izan, batez ere arlo ekonomikoan, gure gazteak pozik daude, oro har, beraien egoera pertsonalarekin: EAEko 15 eta 29 urte bitarteko lau gaztetatik hiruk (% 73) pozik daudela beren egoera pertsonalarekin diote. Bestalde, % 19 ez daude pozik, baina ez dute esan gaizki daudenik, eta % 7k gaur egun gaizki daudela aitortu dute. Gainontzeko %1 ek ez du erantzun.
Adierazle honen bilakaera positiboa da: pozik daudela dioten gazteen ehunekoak 9 puntu gora egin du 2000 urtetik hona.

Aurreko datuarekin batera, norberaren egoerarekiko poztasuna 0 eta 10 arteko eskalan neurtuz gero, gazteen erantzun guztien batezbestekoa 7,2koa da eta bost dezimako igoera izan du 2000tik hona.

Aipatzekoa da 2012an gazteen egoera pertsonalarekiko balorazia hobetu den bitartean, biztanleria orokorrarena pixka bat okertu dela. Horren atzetik, seguruenik, azalpen hau egongo da: krisiak gazterian izan dezakeen eragina nolabait leuntzen laguntzen dutela familiek, momentuz behintzat.
Baina gazteei gazteen egoera orokorra baloratzeko eskatzen zaienean emaitza ez da positiboa: % 13k bakarrik uste dute ona dela, % 48k hala moduzkoa dela diote, hau da, gauza batzuetan ona eta beste batzuetan txarra, eta % 38k txarra dela, oro har, esan dute (gainontzeko % 1ek ez daki edo ez du erantzun).
Gazteen egoera orokorraren balorazioak txarrera egin du aurreko urteekin alderatuz gero: alde batetik, ona dela edota hala moduzkoa dela diotenen ehunekoak behera egin du eta, bestetik, txarra dela uste dutenenak gora egin du nabarmen, 2008 eta 2012 urteen arteko aldea 17 puntutakoa izanik.

Datu hauek guztiak “Euskadiko gazteak” izeneko bildumatik hartu dira. Bilduma hori osatzen duten ikerketak Gazteen Euskal Behatokiak burutzen ditu eta azkena, 2012 urteari dagokiona, hain zuzen ere, 2014 urtearen lehen hiruhilabetean argitaratuko da.
Jarrai gaitzazu gizarte sareetan!