Argitalpen-data: 2014/01/16
Gazteen % 70k sarritan aprobetxatzen dituzte eskaintzak eta beherapenak
Neskek mutilek baino gehiago aprobetxatzen dituzte beherapenak
Pasa den abenduan Gazteen Euskal Behatokiak ikerketa bat burutu zuen EAEko 15 eta 29 urte bitarteko gazteen artean. Ikerketaren asmoa gazteen kontsumo ohiturak aztertzea zen eta horretarako 1500 gazte elkarrizketatu zituen.
Emandako erantzunen arabera, gazteen % 70k sarritan aprobetxatzen dituzte eskaintzak eta beherapenak, beste % 25ek batzuetan bakarrik aprobetxatzen dituzte eta gainontzeko % 5ek ez dituzte inoiz edo ia inoiz aprobetxatzen.
Portzentaje horiek duela hiru urte jasotakoen antzekoak dira; orduan galdera bera egin zitzaion adin tarte horretako horrenbesteko gazte kopuruari.

Neskek mutilek baino sarriago aprobetxatzen dituzte eskaintzak eta beherapenak: % 73k eta % 67k, hurrenez hurren, diote maiz aprobetxatzen dituztela.
Adinean gora egin ahala pixka bat jaisten da eskaintzak eta beherapenak sarritan aprobetxatzen dituztenen ehunekoa; horiek 15 eta 19 urte bitartekoen artean % 72 izatetik, % 67 izatera pasatzen dira 25 eta 29 urte bitartekoen artean.
Ikasten edota langabezian dauden gazteak dira eskaintzak eta beherapenak gehien aprobetxatzen dituztenak, % 72, hain zuzen ere, normalean erosteko ahalmen txikiagoa dutelako. Lanean dabiltzanen artean, aldiz, % 63k diote sarritan erosten dituztela beherapenetan.

Zenbat eta baxuago kokatu maila sozialean orduan eta gehiagok diote eskaintzak eta beherapenak maiz aprobetxatzen dituztela: maila altuan edo erdi altuan kokatzen direnen % 64k, erdiko mailan kokatzen direnen % 71k eta beheko mailan edo erdi beheko mailan kokatzen direnen % 73k.

Azken urteotan eskaintzak eta beherapenak aprobetxatzen dituztenen zifrak oso gutxi aldatu badira ere, erosketak egin aurretik zenbat gastatu nahi duten pentsatuta daramaten gazteak gehitu egin dira: % 45 ziren 2010ean eta % 54 2013an.
Berriro ere ageri azaldu da erosteko ahalmen txikiena dutenak (langabeak eta maila sozial baxukoak) direla sarrien daramatenak erabakita zenbat gastatuko duten: % 60 kasu bietan.
Jarrai gaitzazu sare sozialetan!