Argitalpen-data: 2014/03/17

Euskadiko gazteen artean, arte eszenikoekin lotutako kultura-jarduerak ez daude Europako gazteengan bezain zabaldurik

Gazteak aktiboagoak dira jarduera horietan, Euskadiko biztanleria osoa baino

Arte eszenikoekin lotutako jarduera artistikoak (antzerkia, dantza edo musika) praktikatzen dituzten EAEko gazteen zifrak Europako gazteen batez bestekoekin konparatuko ditugu Gazteen Euskal Behatokian.

Horretarako, aintzat hartuko ditugu, batetik, 2012an egindako azterlan propio baten ondorioak (orain argitaratze-bidean dagoena) eta, bestetik, Europako Batzordeak azaroko Cultural Access and Participation txostenean plazaratutako datuak.

Datu horien arabera, Europar Batasunean (28 Estatuen batez bestekoa), 15 eta 24 urte bitarteko gazteen % 23 dantzan edo balletean aritu izan dira inkesta egin aurreko 12 hilabeteetan (nor bere kabuz, talde batean, klaseak hartuta...). % 16k musika-tresnaren bat jo dute, % 16k kantatu egin dute (talde edo abesbatza batean...) eta % 6k antzerkigintzan jardun dute.

EAEko adin-talde bereko gazteen artean, askoz ere baxuagoak dira jarduera horietan aritu izan diren gazteen ehunekoak: % 9 dantzan edo balletean; % 11 musika-tresnaren bat jotzen; % 4 talde edo abesbatza batean kantuan; eta % 3 antzerkigintzan.

Aldiz, alderaketa EAEko biztanleria osoarekin eginez gero, arte eszenikoei lotutako praktika hauek ohikoagoak dira gazteen artean biztanleria osoan baino. Alderaketa honetarako, Hezkuntza, Kultura eta Kirol Ministerioak Encuesta de hábitos y prácticas culturales 2010/2011 txostenean argitaratutako datuak erabili ditugu.

Bestetik, praktika artistikook Euskadiko gazteengan izandako bilakaera aztertu dugu eta, ikus dezakegunez, datuak ez dira asko aldatu 2008tik 2012ra: pixka bat behera egin du musika-tresna bat jotzen dutela diotenen ehunekoak, eta puntu bat gora, aldiz, dantzan edo antzerkigintzan aritu direla diotenenak.

Beraz, ondoriozta daiteke proposatutako lau jarduera artistikoetatik, musika-tresna bat jotzea dela zabalduena Euskadiko gazteen artean, nahiz eta azken urteotan lagun horien ehunekoak behera egin duen eta Europar Batasuneko batez bestekoaren azpitik dagoen.

Jarrai gaitzazu gizarte-sareetan!