Argitalpen-data: 2014/01/22

2013an EAEko gazteen langabezia-tasa % 29,7koa da

16 eta 29 urte bitartekoen langabezia biztanleria osoarenaren halako bi da

Biztanleriaren Jardueraren Arabera (BJA) sailkatzeko inkestaren 2013ko hirugarren hiruhilekoari dagozkion azkeneko datuak argitaratu berri direla-eta, EAEko gazteen enpleguaren egoera aztertu du Gazteen Euskal Behatokiak. Eustatek, Euskal Estatistika Erakundeak, hiru hilean behin lantzen du eta Gazteen Euskal Behatokiari 16 eta 29 urte bitartekoen datuak helarazi dizkio.

Enplegurik ez duten baina lana aktiboki bilatzen duten persona aktiboen (lan egiteko moduan egonik, azken lau asteetan lana bilatzeko gestioren bat egiten duten pertsonen) ehunekoa adierazten du langabezia-tasak. Bertan ez dira sartzen lan bila ez dabiltzan ikasleak edo lan egin ezin duten gaigabetuak.

2013ko laugarren hiruhilekoan EAEko 16 eta 29 urte bitarteko gazteen langabezia-tasa % 29,5 da, hau da, hirugarren hiruhilekoan jasotakoa baino hamarren bat handiagoa, % 29,4.

Urteko langabezia-tasaren kalkulua lau hiruhilekoen batezbesteko aritmetikoa kalkulatuz lortzen da. kalkulu honen arabera, EAEko 16 eta 29 urte bitarteko lagunen langabezia-tasa % 29,7 da, 2012an % 23,8 zen bitartean. 2007tik, gazteen langabezia-tasa % 5,7 zenean, zifra hori seikoztu egin da.

Bestalde, gazteen langabezia-tasa eta EAEko biztanleria osoarena alderatzen baditugu, zera ikus dezakegu: gazteen langabezia-tasa biztanleria osoarena halako bi dela, baina proportzio hori ez dela 2007tik aldatu.

Langabezia-tasa sexuaren arabera aztertzen badugu, gizon eta emakumeen langabezia-tasak 2007an hasitako joerari eusten diola ikusten dugu. Orduan, neska gazteen langabezia-tasa mutilenaren azpitik kokatu zen. 2012 eta 2013 artean, 16 eta 29 urte bitarteko mutil gazteen langabezia-tasa % 25,3tik % 32,8ra igo da.

Azkenik, lurralde historikoei joz gero, honako hau ikusten dugu: Araba Bizkaiaren aurretik jarri dela gazteen langabezia-tasari dagokionez. Izan ere, 2013an % 33ra heldu da, Bizkaiarena % 31,7 izanik eta Gipuzkoarena, hiruren artean baxuena,
% 24,4 delarik.

Datu hauek Gazteen Euskal Behatokiaren estatistiketan ere kontsulta daitezke, Lana ataleko Jarduera, Okupazioa eta Langabezia azpiatalean, zehazki.

Jarrai gaitzazu sare sozialetan!