Argitalpen-data: 2013/04/30
Maiatzaren 1a, Lanaren Nazioarteko Eguna. Gazteen enpleguaren azterketa
Euskadin, 16 eta 29 urte bitarteko 100 gaztetatik 35 lanean dabiltza, 14 langabezian daude eta gainontzekoak ikasten ari dira, nagusiki.
Maiatzaren 1a Lanaren Nazioarteko Eguna dela-eta, EAEko gazteek enpleguari dagokionez bizi duten egoera (pdf, 79 kb) aztertu du Gazteen Euskal Behatokiak eta, nola ez, langabeziak azken urteetan izan duen bilakaera ere bai.
Azterketa hori egiteko, Euskal Estatistika Erakundeak, Eustatek, Biztanleria Jardueraren Arabera (BJA) sailkatzeko inkestan emandako datuak erabili ditu, nagusiki, Gazteen Euskal Behatokiak. Datuok jarduerari eta enpleguari dagozkien adierazle estatistiko nagusiak adierazten dizkigute: jarduera-tasa, enplegu-tasa eta langabezia-tasa.
Jarduera-tasak zera adierazten du: adin talde batean zenbat pertsona dauden lan egiteko moduan. Lanean daudenak eta lan bila dabiltzan langabetuak sartzen dira multzo horretan eta dagokion adin taldeko biztanleria osoaren arabera kalkulatzen da portzentajea.
2013ko lehen hiruhilekoan Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) gazteen jarduera-tasa % 48,7koa izan da, hau da, EAEko 16 eta 29 urte bitarteko 100 gaztetatik ia 49 lanean ari dira, edo lan egiteko moduan daude eta lan bila dabiltza.
Eta zer egiten dute gainontzeko gazteek? 2013 urtearen hasieran adin talde horretako gazteen erdiek (% 50) ikasten ari direla diote (datu hauek Prospekzio Soziologikoen Kabineteak eman dizkigu inkesta batzuetatik abiatuta).
Euskadiko gazteen jarduera tasa jaitsiz joan da azken urteotan: 2005ean % 60,7koa zen eta % 48,7koa 2013ko hasieran. 16 urteko eta adin horretatik gorako biztanleen jarduera-tasa konstantea izan da azken urteotan, gutxi gorabehera, gazteena ez bezala.
Espainiako gazteen jarduera-tasak ere beheranzko joera izan du 2008tik aurrera, baina EAEkoa baino garaiagoa da. Zer esan nahi du horrek? Espainian lan egiteko moduan dauden gazteen proportzioa –enplegua izan ala ez- handiagoa dela.

Enplegu-tasak adin-tarte jakin batean lanean dauden pertsonen ehunekoa adierazten du. EAEko gazteen enplegu-tasa % 34,7koa da 2013ko lehen hiruhilekoan. Horrek esan nahi du EAEn 16 eta 29 urte bitarteko adina duten 100 pertsonatatik 35 lanean ari direla une honetan.
Enplegu-tasak beheranzko joera jarraitu du 2005etik hona. EAEko 16 urteko eta hortik gorako biztanlerian ere beherakada hori antzeman daiteke, baina ez da gazteen artean bizi izan dena bezain bortitza.
EAEko gazteen enplegu-tasa Espainiako gazteena baino altuxeagoa da 2009tik aurrera; hau da, lana duten EAEko gazteen ehunekoa Espainiako gazteena baino handiagoa da.

Langabezia-tasak hauxe adierazten du: lanik ez duten baina lan egiteko moduan dauden eta lan bila aktiboki dabiltzan pertsona aktiboen ehunekoa (azken lau asteetan lana biltzeko gestioren bat egin dute). Definizio horretan ez dira sartzen ikasleak ezta lan egin ezin duten ezinduak ere.
2013ko lehenengo hiruhilekoan EAEko 16 eta 29 urte bitarteko gazteen langabezia-tasa % 28,7koa da. Esan dezakegu, beraz, lan egin ahal eta nahi duten gazteen laurdenak baino pixka bat gehiagok ez dutela lanik.
Zifra horiek nabarmen handitu da azken urteotan: 2007tik 2013ra boskoiztu egin dira (2007an gazteen langabezia-tasa baxuena zen eta 2013an, aldiz, handiena).
Gazteen langabezia-tasak EAEko biztanleria osoari dagozkion zifrekin alderatuz gero, ikus dezakegu gazteen langabeziak 16 urtetik gorako biztanleena bikoizten duela urte guztietan.
Beste aldetik, EAEko gazteen langabezia-tasa Espainiako gazteenarekin konparatzen badugu, Espainiako gazteen egoera nahiko txarragoa dela konproba dezakegu: Espainiako gazteen langabezia-tasa 2013ko lehenengo hiruhilekoan % 44,6koa izan da.

16 eta 29 urte bitarteko gazte-kopuru osotik (eta ez biztanle aktiboen kopurutik, nazioarteko bulego estatistikoek egiten duten bezala) langabezian daudenak zenbat diren kalkulatuz gero, ehunekoa % 14koa izan da 2013ko lehenengo hiruhilekoan. Biztanleria gazte osoari doitutako langabezia deritzogu horri.
Biztanleria gazte aktiboaren gainean kalkulatutako langabezia-tasak bezala, langabezia doituak ere aldaketa handiak izan ditu azken urteotan. 2000. urtean gazteen % 14,6 langabezian zeuden; 2007an, ordea, gazteen % 3,3 baino ez. Azken zifrak duela hamahiru urte erregistratutakoen oso antzekoak dira.

Horrenbestez, zera ondoriozta daiteke: Euskadin 16 eta 29 urte bitarteko 100 gaztetatik 35 lanean daudela, 14 langabezian daudela (eta lan bila dabiltza) eta 50 ikasten ari direla.
- Informazio gehiago eskuratzeko ikusi artikulu osoa (pdf, 79 kb).
- Emandako datuak Gazteen Euskal Behatokiaren estatistiketan ere kontsulta daitezke.
Jarrai gaitzazu gizarte-sareetan!