Argitalpen-data: 2013/10/29
Gazteen langabeziak behera egin du EAEn, 2013ko hirugarren hiruhilekoan
16 eta 29 urte bitartekoen langabezia biztanleria osoarenaren halako bi da
Biztanleriaren Jardueraren Arabera (BJA) sailkatzeko inkestaren 2013ko hirugarren hiruhilekoari dagozkion azkeneko datuak argitaratu berri direla-eta, EAEko gazteen enpleguaren egoera aztertu du Gazteen Euskal Behatokiak. Eustatek, Euskal Estatistika Erakundeak, hiru hilean behin lantzen du BJA.
2013ko hirugarren hiruhilekoan, EAEko 16 eta 29 urte bitartekoen langabezia-tasa % 29,4koa izan da.
Enplegurik ez duten baina lana aktiboki bilatzen duten pertsona aktiboen (lan egiteko moduan egonik, azken lau asteetan lana bilatzeko gestioren bat egin duten pertsonen) ehunekoa adierazten du langabezia-tasak. Bertan ez dira sartzen lan bila ez dabiltzan ikasleak edo lan egin ezin duten gaigabetuak.
Espainiako gazteen langabeziak ere behera egin du hirugarren hiruhilekoan, Espainiako Estatistika Erakundeak (INE) Encuesta de Población Activa (EPA) inkestan argitaratutako datuen arabera. Hain zuzen ere, 2013ko bigarren hiruhilekoan % 43,3 izan zen, eta % 41,7 hirugarrenean. Nolanahi ere, Espainiako gazteen langabezia-tasa askoz ere altuagoa da EAEkoa baino, eta % 40tik gora dago 2012az geroztik.
EAEko gazteen langabeziaren bilakaerari dagokionez, 2007an erregistratu zen langabezia-tasarik apalena (% 5,7). Harrezkero, langabeziaren zifrek gora egin dute, 2013ko bigarren hiruhilekora arte; tasak ia boskoiztu dira. Hiruhilekoen arteko azkeneko datuak adierazten duenez, tasak behera egin du zertxobait. Hala ere, beherakada hori ezin da joeratzat hartuko datorren hiruhilekora arte, udako sasoiko enpleguari zor dakiokeelako, ala epe luzerakoa izan daitekeelako. Gure ingurunea gero eta bideratuago dago zerbitzuetara eta, zehazki, turismora, eta, ondorioz, sasoiko enplegua gero eta erabakigarriago bilakatzen ari da, jarduera ekonomiko nagusia industria zenean baino. Testuinguru horretan, litekeena da gazteak izatea aldi baterako enplegu horretan aritzen direnak.

Bestalde, gazteen langabezia-tasa eta EAEko biztanleria osoarena alderatzen baditugu, zera ikus dezakegu: gazteen langabezia-tasa biztanleria osoarena halako bi dela, baina proportzio hori ez dela 2007tik aldatu.

Azkenik, gizon eta emakume gazteen langabezia-tasak 2007an hasitako joerari eusten dio. Orduan, neska gazteen langabezia-tasa mutilenaren azpitik kokatu zen. Izatez, 2013ko hirugarren hiruhilekoan, emakume gazteen langabezia-tasak beherakada handiagoa izan du adin-talde bereko mutilenak baino.

Datu hauek Gazteen Euskal Behatokiaren estatistiketan ere kontsulta daitezke, Lana ataleko Jarduera, okupazioa eta langabezia azpiatalean, zehazki.
Jarrai gaitzazu gizarte-sareetan!