Argitalpen-data: 2013/11/21
15 eta 29 urte bitarteko emakumeen heren bat bere herritik edo auzotik gauez ibiltzearen beldur da. Gizon gazteen % 7 daude egoera berean
Emakume gazteen beldur-sentsazio hori areagotu egin da azken urteotan
Hiri-segurtasunaren pertzepzioa biztanle guztientzat antzekoa zela uste izan da beti. Baina azken hamarkadetan agerian geratu da gizonek eta emakumeek oso modu desberdinetan bizi dutela. Izatez, emakumeek hiri-indarkeriaren beldurra (sexu-erasoak, ahozko erasoak, lapurretak, intimidazioak eta abar) neurri handiagoan sentitzen dute, edozein direla adina, etnia, sexu-orientazioa, trebetasun fisikoak eta abar.
Izan ere, Emakundek, EAEko emakumeen eta gizonen berdintasunerako V. Planean, honako hau adierazten du: “beharrezkoa da emakumeen segurtasuna handitzea, bai hiri diseinuari dagokionez, beren diseinuagatik edo argi ezagatik edo isolatuta daudelako arriskutsuak diren edo segurtasun sentsazioa sortzen duten tokiak kenduz, bai prebentzio prozedurak edo protokoloak ezarriz”.
Euskadiko gazteak 2012 ikerketa amaitu berri du Gazteen Euskal Behatokiak, eta datozen hiletan argitaratuko. Ikerketa 15 eta 29 urte bitarteko 1500 gazteri egindako inkesta batean oinarritzen da, eta bertan gazteriaren inguruko hainbat gai lantzen dira, besteak beste, sexismoa eta desberdintasuna edo herritarren segurtasunari dagozkion bizipenak neska eta mutil gazteen artean.
Gazteen % 19k diote herritik edo auzotik gauez ibiltzean, beldur direla. Ehuneko hori 32raino iristen da nesken kasuan (mutilen artean, % 7k dute sentsazio hori).
Herritik edo auzotik gauez ibiltzearen beldur diren emakume gazteen ehunekoak gora egin du, aurreko urteetakoarekin alderatuta.

Gazteen Euskal Behatokiak Beldur Barik! egitasmoa zabaltzen lagundu nahi du. Egitasmo hau Emakundek eta Eudelek sustatzen dute, berdintasunaren aldeko Berdinsarea udal-sarearen baitan, Arabako, Gipuzkoako eta Bizkaiko foru aldundiek finantziazioarekin eta Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren, EHU-Euskal Herriko Unibertsitatearen eta EITBren lankidetzarekin. Egitasmoaren helburua gazteen artean indarkeria sexista prebenitzea da. Programaren osagai nagusienetako bat ikus-entzunezko adierazpen artistikoak saritzen dituen lehiaketa da, 12 eta 26 urte bitarteko gazteei zuzendua. Adierazpen horietan, neskek eta mutilek erakusten dute emakumeenganako egungo desberdintasun-egoerari nola egiten dioten aurre, errespetuan, berdintasunean, askatasunean, autonomian, ardurakidetzan eta indarkeria sexistaren gaitzespenean oinarrituta. Beldur Barik ekimenari buruz gehiago jakin nahi baduzu, jo ezazu bere webgunera.
Jarrai gaitzazu gizarte-sareetan!