Argitalpen-data: 2013/09/25
15 eta 29 urte bitarteko 1000 emakumetatik 15ek borondatez eten dute hardunaldia 2011n
Haurdunaldi-etendura gehienak 25 eta 29 urte bitartekoei egin zaizkie
Haurdunaldiaren borondatezko etendurei (aurrerantzean, HBE) dagozkien estatistikak gaurkotu berri ditu Gazteen Euskal Behatokiak bere Adierazleen Sisteman, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailaren Plangintza, Antolamendu eta Ebaluazio Sanitarioko Zuzendaritzak 2011ri buruz emandako datuei esker.
Datu horien arabera, 2011n, 2270 HBE egin zitzaizkien emakume gazteei, EAEn egindako HBE guztien (4138) % 45. Emakume gazteek HBE guztien artean hartzen duten pisuak behera egin du zertxobait 2007tik (HBE guztien % 61 gazteei egin zitzaizkien).
Datuok 2010ekoekin alderatuta, % 21eko gorakada egon da emakume gazteei egindako HBEetan. 15 eta 19 urte bitarteko neskei egindako borondatezko abortuen igoera % 17koa izan da; % 19koa 20 eta 24 urte bitartekoei egindakoetan; eta % 25ekoa 25 eta 29 urte bitartekoei egindakoetan.


2011n gazteei egindako HBEetatik gehienak (% 44) 25 eta 29 urte bitartekoei egin zitzaizkien, % 38 20 eta 24 urte bitartekoei eta % 18 gazteenei.
HBEen tasa aztertzen badugu, hau da, emakumezko biztanle guztien kopurua eta egindako borondatezko abortu-kopurua lotzen dituen tasa, zera ikus dezakegu: Euskadin, 15 eta 29 urte bitarteko 1000 gaztetatik ia 15i egin zaiola HBE bat 2011n.
HBEen tasetan goranzko joera antzeman daiteke adin-talde guztietan. Tasarik handiena 20 eta 24 urte bitarteko emakumeena da (‰ 17,4); baxuena, ordea, 15 eta 19 urte bitartekoena da (‰ 10,0).

Hurdunaldiaren Borondatezko Etendurak Euskal Autonomia Erkidegoan 2011 txosten osoa Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailaren Plangintza, Antolamendu eta Ebaluazio Sanitarioko Zuzendaritzaren webgunean eskura daiteke.
Datuok Gazteen Euskal Behatokiaren Adierazleen Sisteman ere kontsulta daitezke.
Jarrai gaitzazu gizarte-sareetan!