Argitalpen-data: 2015/01/21

Osakidetzak gripeari aurre egiteko kontingentzien plan bat ipini du martxan

Osasun saila

Gripeak jauzi kualitatiboa egin du Euskadin, egun ehun mila biztanletatik 209,62k gripea baitu. Gripe-birusen zirkulazioa handia delako gertatu da hori. Hala, egindako analisi mikrobiologikoen arabera, gripearen izaera mistoa da; halere, A motakoa gailentzen da B motakoaren aldean. Hain zuzen, bi andui horiek aurtengo txertoaren barnean daude.

EAEko Mediku Jagoleen Sareak (urtaroko gripea zaintzeko urtero aktibatzen den sareak) egiaztatu du, berriz ere 0 - 4 eta 5 - 14 urte bitarteko adin-tarteko biztanleei eragin diela gehien.

Orain arte, gripea zutela egiaztatutako 6 pertsona ospitaleratu dira, horietatik % 83 gizonezkoak dira. Kasu guztiek pneumonia zeukaten eta kasuetako bat ZIUn ospitaleratu behar izan dute. Gripea dutenen % 33ri txertoa jartzeko adierazi zitzaion arren, ez zuen gripearen aurkako txertorik jaso.

Gripearen sindromeagatiko kontsulten eskaeragatik Osakidetzako Lehen Mailako Arretako Zentroetan arreta jaso dutenen kopurua 2.759ra iritsi da.

Lurraldeka, Gipuzkoak izan ditu kasurik gehien (153,2 kasu 100.000 biztanleko), ondoren, Araba dago (121,5 kasu) eta gutxien, berriz, Bizkaiak izan ditu (110,8 kasu 100.000 biztanleko).

Igoera handi honi aurre egiteko, Osasun Sailak eta Osakidetzak gripe-epidemiaren aurrean jarduketa-ildo batzuk gauzatzea erraztuko duten kontingentziei buruzko plan bat egin dute, arreta ematen den arlo guztietan (ospitaleetako Lehen Mailako Arreta eta Arreta Espezializatua, eskualdeetan eta Erakunde Sanitario Integratuak), eta horietan guztietan, irizpide batzuk ezarri dira, unearen arabera, egokiena den erantzuna emateko. Aurreikusitako neurri horien bitartez, epidemia honek dakartzan ondorioei nahi diegu aurre egin eta eragina txikitu ahal den neurrian. Helburu horretarako, ospitaletako azpiegitura guztia aktibatzen eta indartzen ari da Osakidetza, gripearen ondorioz etor litezken konplikazioek eragindako ospitaleratze-beharrei erantzuteko.

Arreta egokia emateko, hartutako neurrien artean, egoera honetarako baliabideak gaitzea dago, esaterako, 453 ohe jartzea aparteko izaerarekin eta 297 profesional (medikuak, erizainak, erizaintzako laguntzaileak eta zeladoreak) kontratatzea. Indartutako espezialitate medikoak barne-medikuntzakoak, pneumologiakoak eta pediatriakoa dira.

Horrez gain, Etengabeko Arreta Guneak (EAG) indartu dira asteburuko ordutegian. Gauza bera egin da ospitaleetako bai umeentzako bai helduentzako larrialdietan ere.


Salbuespen neurri gisa, plan honetan honako aukera hau ere jaso da, hala beharko balitz, kanpoko baliabide gehigarriak jartzea, esaterako, zentro sanitario pribatuetako oheak eta zerbitzuak ere kasu horretarako jartzea.

 

Planeko beste neurri garrantzitsu batzuk hauek dira:

  • Etxeko arretari eta arreta anbulatorioari lehentasuna ematea, ospitaleko arretaren aldean.
  • Gaixoaren presentziarik gabeko kontsultak eta jarraipenak sustatzea.
  • Kontsulten agenda-ordutegia zabaltzea eta Lehen Mailako Arretako jarduera programatua gutxitzea.
  • Osasun-zentroetako eta EAGetako baliabideak indartzea, kontsultako eta etxez etxeko arreta-eskaerak duen bilakaeraren arabera.
  • Programatutako jarduera kirurgikoa berriz antolatzea, kirurgia handi anbulatorioa indartuz; horrela, ospitaleratzeak saihestuko lirateke eta ohe gehiago egongo lirateke gripe-kasuetarako.
  • Guneak eta langileak egokitzea, arreta zentroetako erantzuteko gaitasuna handitzeko.

 

Azkenik, gogorarazi nahi dugu gripea gaixotasun desatsegina dela, baina onbera biztanle osasuntsuetan, eta ez duela berezko tratamendu berezirik. Atseden hartzea eta likido eta antitermikoak kontsumitzea sukarra eteteko; horiexek dira gomendio nagusiak. Garrantzitsua da kontuan izatea, transmisio- eta kutsatze-indize handia duenez, ezinbestekoa dela prebentzio-neurri higienikoak hartzea; adibidez, eztula eta doministiku egitean babestea, eskuak maiz garbitzea eta erabili ostean botatzeko moduko mukizapiak erabiltzea. Era berean, Osasun Sailak eta Osakidetzak emandako gomendioa aipatu behar dugu: gripea dela-eta sukarrak jarraitzen badu eta osasun-arreta behar izanez gero, familiako medikuarenera jotzea eta haren aginduak jarraitzea.