Argitalpen-data: 2013/11/13

Josu Erkorekak eta Ibon Aresok hitzarmena sinatu dute erakunde bien artean datuak online trukatu ahal izateko

Herritarrek errazago egingo dituzte izapideak eta administrazio-prozedurak. Bi erakundeek kostua eta espazioa aurreztuko dute. Hitzarmenak lau urteko indarraldia izango du, eta ez du kontraprestazio ekonomikorik ekarriko.

Josu ErkorekaHerri Administrazioko eta Justiziako sailburuak eta Ibon Areso Bilboko Udaleko lehenengo alkateordeak bi erakundeen arteko lankidetza-hitzarmena sinatu dute gaur, informazio, administrazio eta kudeaketa elektronikoko zerbitzuak elkarri eskaintzeko.

Bi erakundeek elkarreragingarritasuna hobetzeko lineako zerbitzuak eskaintzeko konpromisoa hartu dute; hau da, informazioa, datuak eta zerbitzu elektronikoak partekatuko dituzte.

Erabiliko den elkarreragingarritasun-sistemari esker, paperezko ziurtagirien eta gainerako agirien ordez datu-transmisio elektronikoak erabiliko dira, partekatutako informazioaren benetakotasuna, osotasuna, isilekotasuna, eskuragarritasuna eta kontserbazioa  bermatuta.

Hala, sendoagoa izango da Eusko Jaurlaritzaren eta Bilboko Udalaren arteko lankidetza, bi erakundeen artean informazio-trukerako sistema eratuko baita; ondorioz, herritarrei datu-ziurtapenak eskatu beharrik izan gabe egingo dira izapide administratiboak. Beraz, herritarrek errazago gauzatu ahalko dute dagoeneko Administrazio Publikoen esku dauden datuak eta agiriak berriz ez emateko eskubidea.

Hitzarmen honen bidez, Eusko Jaurlaritzak eta Bilboko Udalak urrats bat gehiago egin dute Herritarrak Zerbitzu Publikoetara Sarbide Elektronikoa izateari buruzko 11/2007 Legea betetzeko. Horren arabera, administrazio publiko guztiek haiekin harremanetan jartzeko bide elektronikoak erabili ahal izatea bermatu eta beren artean informazioa trukatu behar dute, herritarrek izapide administratiboak errazago egin ditzaten.

Eusko Jaurlaritzaren eta Bilboko Udalaren ustean, beharrezkoa da administrazio elektronikoa azkar eta eraginkor garatzea, herritarren eta administrazioen arteko harreman elektronikoak ahalbidetzeko.

Lankidetza-hitzarmenak lau urteko iraunaldia izango du, urtebetez luza daiteke automatikoki, gehienez ere hamabost aldiz, eta ez die kontraprestazio ekonomikorik eman beharra ekarriko aldeei.

HERRITARRENTZAKO ONURAK 

  • Herritarrei eskaintzen zaien zerbitzua hobetzea. Administrazioen arteko lankidetzari esker.
  • Administrazioen sistemen artean informazioa trukatzea. Asmoa da herritarrak ez daitezela ibili erakunde batetik bestera, batek jaulkitako agiriak bestean aurkeztu behar dituztelako edo erakunde bat baino gehiagoren aurrean eskaerak nahiz idatziak izapidetu behar dituztelako.
  • Izapide eta prozedura administratiboak sinplifikatzea. Izapide administratiboetan edo ziurtagiriak eskatzean aurkeztu beharreko agiri-kopurua murriztuko da.
  • Gardentasuna eta erraztasuna. Herritarrek ez dute jakin beharko administrazioek eskainitako zerbitzuen atzean datzan konplexutasuna; izan ere, orain arte, batzuetan ezinbestekoa zen hori ezagutzea zenbait izapide egiteko.

ADMINISTRAZIOENTZAKO ONURAK  

  • Eraginkortasuna hobetzea. Jardunbide administratiboaren eraginkortasuna areagotuko da lankidetzaren eta kooperazioaren bidez.
  • Aurrezkia kostuan eta espazioan. Paperaren ordez agiri elektronikoak erabilita, paperezko agiriak jaulkitzearen kostua murriztuko da, baita agiriok biltegiratzeko behar den espazioa ere.
  • Lan-zama arintzea. Truke elektronikoaren bidez datu-zama arintzen da hartzailearen kudeaketa-sistemetan.
  • Informazioaren kalitatea hobetzea. Hartzaileen kudeaketa‑sistemen informazio-zaman gerta daitezkeen akatsak ezabatzen ditu, zama hori bera automatizatu egin baitaiteke.