Argitalpen-data: 2013/08/14
Ertzaintzak lau mila manifestazio baino gehiago zenbatu zituen iragan urtean
Eduki politikoko elkarretaratzeak egonkortu egin dira, baina lan arloko protestak ugaritzea ekarri du krisi ekonomikoak
Prentsa Bulegoa
EAEn 4.013 manifestazio egin ziren 2012an, aurreko urtean baino 478 gehiago (% 13,52ko hazkundea). Gizarteak egun bizi duen krisialdiarekin lotutako ekitaldiek eragin dute, nagusiki, hazkunde hori. Horrela bada, iaz % 44,18 manifestazio gehiago egin ziren lan-kontuengatik (1.488 ekitaldi iaz eta 1.032 2011n). Horretaz gain, auzo-gaiengatik egindako elkarretaratzeak ere nabarmen ugaritu dira; 74 izan ziren 2011n, eta 212 izan dira 2012an.
| 2009 | 2010 | 2011 | 2012 | |
| Lan-kontuak | 1.021 | 896 | 1.032 | 1.488 |
| Auzo-aldarrikapenak | 182 | 89 | 74 | 212 |
| Politika-kontuak | 1.866 | 1.753 | 1.865 | 1.874 |
| Bestelakoak | 526 | 673 | 564 | 49 |
| Guztira | 3.595 | 3.411 | 3.535 | 4.013 |
Orain dela urte batzuk arte elkarretaratze eta manifestazioen lehen kausa zena, politika-gaia alegia (indarkeriarekin eta terrorismoaren ondorioekin lotutako gertaerak barne), aldiz, egonkor mantendu da azken urteotan.
Manifestazioen erdia, Gipuzkoan
Lurralde historikoei dagokienez, Gipuzkoan egin dira manifestazio gehien, ia erdia (1.994); guztien % 49,69 egin baitira han. Bizkaian 1.032 egin ziren (% 25,72) eta Araban 987 (% 24,59).
Hiriburuei dagokienez, halere, banaketa ezberdina dago. Hiruretan 1.609 manifestazio egin dira guztira. Gasteizen egin dira gehien, hiriburua eta Eusko Jaurlaritzaren egoitza baita; 757 izan dira han (% 47,04). Ondoren Donostian egin dira gehien, 464 (% 28,83) eta gero Bilbon, 388 (% 24,73).
| 2008 | 2009 | 2010 | 2011 | 2012 | |
| Araba | 601 | 643 | 552 | 828 | 987 |
| Gipuzkoa | 2.015 | 1.943 | 1.869 | 1.788 | 1.994 |
| Bizkaia | 1.145 | 1.009 | 990 | 919 | 1.032 |
| Guztira | 3.761 | 3.595 | 3.411 | 3.535 | 4.013 |
| Gasteiz | 455 | 477 | 408 | 633 | 757 |
| Donostia | 464 | 454 | 448 | 424 | 464 |
| Bilbo | 527 | 377 | 385 | 342 | 388 |
| Guztira | 1.446 | 1.308 | 1.421 | 1.399 | 1.609 |
Manifestazio bat egiteko aldez aurretiko jakinarazpena
Herritarren biltzeko eta manifestazioa egiteko eskubidea Legez araututa dago. Horrela bada, era horretako ekitaldi bat igarotzeko espazio publiko batean egin nahi duten pertsona edo kolektibo orok idatziz jakinarazi behar diete agintariei, berau egin baino gutxienez hamar eta gehienez hogeita hamar egun lehenago. Nolanahi ere, deialdiaren urgentzia justifikatzen duen ezohiko edo larria den kausa izanez gero, hogeita lau ordu lehenago baino ez da jakinarazi beharko.
Idatzian, behar bezala identifikaturik egongo da jakinarazlea, eta hauek adieraziko dira: manifestazioaren zergatia, egiteko tokia eta ordua, ibilbidea zein antolatzaileek aurreikusitako segurtasun-neurriak eta agintariek eskatutakoak.
Agintariek, berriz, debekatu egin ahal izango dute, baldin eta uste badute haren garapenean ordena publikoko gorabeherak gerta litezkeela, pertsonak eta ondasunak arriskuan jarrita, edo haren barnean delituzko zirkunstantziak badaude. Halaber, manifestazioaren edozer aldagai aldatzea ere proposa dezakete agintariek (hala nola eguna, ordua, iraupena edo ibilbidea).
Nabarmendu beharra dago Euskal Autonomia Erkidegoan herritarrek manifestazioak egitearen berri jakinarazten dutela, hain zuzen, kasuen % 97an; horri dagokionez, gainera, gorazko
joera dago iragan hamarkadatik aurrera, herritarren era horretako ekitaldiak Legearen esparruaren barruan egitea lortzeko Ertzaintzak etengabe egindako lanari esker.
* Estatistika horietan 20 lagun baino gehiago parte hartutako manifestazioen datuak daude jasota (9/1983 Legean gutxieneko kopuru hori eskatzen da horrelakotzat jotzeko); betiere Ertzaintzak haien berri izan badu eta azkenean egin badira.