Argitalpen-data: 2016/02/09
Hamar gaztetik seik nahi dute Euskadi independente izatea
Baina nahi dutenen erdiek soilik uste dute hori gertatuko dela etorkizunean
2015eko azaroan Euskadiko 15 eta 29 urte bitarteko gazteen lagin adierazgarri bati galdetu genion zenbateraino nahi zuten Euskadi independente izatea. Gazteen % 34,7k adierazi zuten gogo handiz nahi zutela hori eta beste % 24,8k nahikoa gogoak zituztela hori lortzeko, beraz esan dezakegu Euskadin hamar gaztetik seik (% 59,5) independentzia nahi dutela.
Independentziarako nahia handixeagoa da 15 eta 19 urte bitartekoen taldean (% 62,8) eta zabalduago dago Gipuzkoako gazterian (% 68,1) Bizkaikoan baino (% 57,0) eta azken lurralde horretako gazteen artean Arabakoen artean baino (% 49,4).

Hala ere, gazte guztien herenak bakarrik (% 33,4) uste du etorkizunean Euskadi independente izango dela.
Zenbat eta gazteagoa izan orduan eta gehiagok uste dute independentzia egi izan litekeela: % 30,8k 25-29 urtekoen artean, % 32,3k 20-24 urtekoen artean eta % 38,0k 20 urtetik beherakoen artean.
Independentzia errealitate bihurtzeari dagokionez, berriro agertzen dira aldeak gazteak bizi diren lurralde historikoen arabera eta berriro Gipuzkoan jaso da etorkizunean Euskadi independente izango dela uste dutenen kopuru handiena (% 42,7).

Galdera biak konbinatuz gero, oinarrizko lau taldetan sailkatu ahal ditugu gazteak:
- independentzia nahi dute eta etorkizunean errealitatea izango dela uste dute (% 30,9),
- independentzia nahi dute baina ez dela lortuko uste dute (% 26,2),
- ez dute independentzia nahi eta gainera ez dute uste Euskadi independente izango denik (% 24,8)
- ez dute independentzia nahi baina etorkizunean errealitatea izango dela uste dute (% 1,2).

Gainontzeko gazteak honela banatzen dira: independentzia nahi arren Euskadi independente izateari buruzko aukeraz galdetu diegunean iritzirik adierazi ez dutenak (% 2,3), ez dute independentzia nahi eta hori lortzeari buruz ezer esan ez dutenak (% 1,1) eta, azkenik, independentzia nahi ote duten galdetzean iritzirik adierazi ez dutenak (% 13,4).
Independentzia lortzeari dagokionez baikor agertutako gazte independentisten portzentajea handiagoa da Gipuzkoan (% 39,8) eta 20 urtetik beherakoen taldean (% 34,9).
Aipatutako datu guztiak Gazteen Euskal Behatokiak 2015eko azaroan telefonoz egindako inkesta batetik datoz. Inkesta horretan 15 eta 29 urte bitarteko 1512 gazte elkarrizketatu ziren eta, galdera hauez gain, egungo beste gai batzuei buruzko galderak ere egin zitzaizkien.