Argitalpen-data: 2015/01/16

Euskadiko gazteen obesitate tasa % 5,4koa da

Obesitate tasa handitu egin da azken urteotan

Eusko Jaurlaritzaren Osasun sailak aldiro burutzen duen Euskadiko Osasun inkestaren datuen arabera 15 eta 29 urte bitarteko gazteen % 5,4 obesoa da. Hala ere, ehuneko hori biztanleria osoan jasotakoa (% 13,2) baino txikiagoa da.

Pertsona baten Gorputz Masaren Indizea 30 baino handiagoa denean obesotzat jotzen da persona hori. Gorputz Masaren Indizea (GMI) honela kalkulatzen da: dugun kilo kopurua zati altuera (metrotan) ber bi.

Obesitate tasa (talde bateko obesoen portzentajea) handitu egin da azken urteotan eta 2002an % 3,4 izatetik 2013an % 5,4 izatera pasatu da gazteen kasuan, eta % 9,9tik % 13,2ra biztanleria osoari dagokionean.

Gizon gazteek emakume gazteek baino obesitate tasa handiagoa dute (% 6,0 eta % 4,8, hurrenez hurren).

Obesitate tasarik handiena 25 eta 29 urte bitartekoek dute (% 7,4).

25 eta 29 urte bitarteko gazteek obesitate tasa handiagoa izateak harreman izan daiteke, besteak beste, talde horretako kideek gainontzeko gazteek baino jarduera fisiko gutxiago egitearekin. 25 eta 29 urte bitartekoen taldean gehienek (% 72,1) elkarrizketatuak izan baino astebete lehenago jarduera fisiko neurritsua edo bizia egin badute ere, portzentaje hori 15 eta 29 urte bitarteko gazte guztien batez bestekoa (% 75,3) baino baxuagoa da.

Gizon eta emakume gazteen kasuan, aldiz, ez da erlaziorik antzematen jarduera fisikoa gehiago egitearen eta obesitate gutxiago izatearen artean, mutilek adierazle bietan (obesitate eta jarduera fisikoa) puntuazio altuagoak baitituzte.

Datuok Gazteen Euskal Behatokiak aztertu ditu eta bere web orriko estatistiketan kontsulta daitezke. 

Jarrai gaitzazu sare sozialetan!