2014ko Osalan jardueren memoria

Urtearen hasieran Kudeaketa Plan handi bat garatzeko konpromisoa hartu genuen eta konpromiso hori betetzearren, lan-arriskuen prebentzioaren arlo guztietan jardun dugu, itsu-itsu jarraitu nahi izan ditugun balioen ikuspegitik begiratuta. Hori horrela izanik, gure Autonomia Erkidegoan laneko segurtasun eta osasunean interesak dituzten agente guztien inplikazioa eta lankidetza lortu nahi izan dugu, eta herritarren parte-hartzeari ateak are gehiago zabaldu dizkiogu, gure webgunearen bitartez.

Gure Lurraldeko langileen segurtasuna eta osasuna hobetzeko helburuei jarraiki lan egin dugu, eta horretarako, askotariko ekimenak garatu ditugu betiere baliabide publikoak eraginkortasunez, efizientziaz eta erantzukizunez erabilita.

Eta hori guztia Erakunde hau osatzen duten profesionalen lanari esker lortu dugu; gaitasun handiko profesionalek lan handia egin dute eta eskerrak eman nahi dizkiet egindako guztiarengatik. 2014. urtean une garrantzitsu bat bizi izan dugu Euskal Autonomia Erkidegoaren lan-arriskuen prebentzioaren arloan, izan ere, 2011-2014ko Laneko Segurtasun eta Osasunaren Euskal Estrategiak markatutako aldia amaitu baita. Beste ziklo bat hasi da, eta prebentzioaren arloko esparru estrategikoa diseinatu behar da, ekonomiaren, gizartearen eta lanaren arloetako egoerarekin bat.

Osalanen jarduna oso garrantzitsua izan da eta izango da, oraindik ere, zubi-lanak egiteko; hain zuzen ere, bukatzen ari den baina lortutako emaitzak esparru berria diseinatzeko abiapuntu izango dituen Estrategia baten eta hastear dagoen Estrategia berri honen arteko zubi-lanak. Estrategia berria betearaztea eta hedatzea izango da gure Erakundearen datozen urteotako zeregina.

Ildo horri jarraiki egin dugu lan 2014. urtean, 2011-2014 aldiko Estrategian bildutako jarduerak esparru berriaren diseinuarekin uztartuta; prozesu horretan Osalan aitzindari izan da eta laneko osasunaren eta segurtasunaren esparruan jarduten duten agente guztien laguntza izan dugu.

Gure Erakundeak lan handia egin duela uste dugu, eta bere garaian Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburuak geuregan jarritako konfiantzak merezi izan du. Esan gabe doa ahal dugun guztia egin dugula, eta orain aurkezten ari garen Memoria hau horren adierazgarri da.

Bukatu aurretik, berriro ere eskerrak eman nahi dizkizuegu gure proiektuak gauzatzeko lana ez ezik, ilusioa eta energia ere eskaini dizkiguzuen guztioi.

2014ko Osalanen Memoria (pdf, 6.45 MB)