2013ko Osalan jardueren Memoria

Espero daitekeen bezala, 2013rako diseinatutako Kudeaketa Plana, Osalanen Kontseilu Nagusiak onetsia, izan da gure jardueren ardatza. Plan hori, edukiari dagokionez, aurrekoen jarraitzailea izan da, 2011-2014ko Laneko Segurtasun eta Osasunaren Euskal Estrategia hedatzeko bidean. Horrenbestez, aurreko urteetan jorratutako lan-eremuei eutsi zaie, kudeaketa hobea bideratuko duten aldaketa operatibo batzuk soilik eginda, eta lehentasunak zertxobait berrantolatuta, laneko segurtasun eta osasunaren alorrean hautemandako premiei egokiago erantzutearren.

Alabaina, 2013ko Planak aldaketa bat ekarri digu, erakundearen barruan lana antolatzeko moduari dagokionez. Aldaketa guztietan gertatzen den bezala, ez da erraza izan, eta ekintzak abian jartzeko prozesuan denbora apur bat gehiago behar izatea eragin du. Horri buruz esan dezakegu, atseginez, lan-dinamika berria ezarrita dagoela eta dagoeneko bete-betean ari dela funtzionatzen.

Halaber, azpimarratu behar da Planaren garapenean eragin handia izan duela erakundearen Zuzendaritza Nagusian egindako kargu-aldaketak, aurreko legealdia amaitu eta oraingoa astearen ondorioz. Urtearen hasieran zuzendari-kargua hartu nuen, eta garrantzi handiko erronka profesional eta pertsonal horri ekiten diot egunero, ilusio eta profesionaltasun handienaz, erakunde hau osatzen duten gainerako kideen antzera.

Osalanen 2013rako Kudeaketa Planak bere egin zituen Euskal Autonomia Erkidegoko langileen segurtasuna eta osasuna hobetzearren jarduteko konpromisoak, gure lurraldeko errealitatea oinarri hartuta, laneko arriskuen prebentziorako eragileen eta jarduleen laguntzarekin, gure jarduerari ahalik eta etekin handiena atertzeko, ahalik eta inpaktu handiena ahalik eta kostu txikienaz lortzeko formulak baliatuta.

Gure ustez, konpromiso horiek bete ditugu, eta horren berri ematen dugu Memoria honetan. Halaber, dokumentu honek baliagarria izan behar du gure profesionalen ahalegina eta inplikazioa aitortzeko, bai eta guri dagokigun zeregin garrantzitsu honetan lagundu duten guztien jarduna aitortzeko ere.

Guzti-guztioi, eskerrik asko.

2013ko Osalan jardueren Memoria (pdf, 3.17 MB)