Madarixa hobia (Azkoitia, Gipuzkoa)
| KOKAPENA | Madarixa auzoa, Azkoitia (Gipuzkoa) |
| BIKTIMAK | 1 |
| DATA | 2007ko abenduaren 22a |
Félix Etxeberria elgoibartarrak jakinarazi zuenez, Madariaga/Maradixa (Azkoitia) auzoko hainbat auzokidek adierazi zioten non lurperatu zen pertsona bat, 1936ko irailaren 21ean Azkoititik Elgoibar hartzera altxatu ziren tropek aurrera egin bitartean. Iturri horien esanetan, lurperatutako pertsona miliziano bat zen, su-arma baten zauria zuena aurpegian. Bere gorpua bidean abandonatuta geratu zen, eta, hiru egunetara, lurperatu egin zen.
2004ko martxoaren 27an, Aranzadi Zientzia Elkarteko kideek, Félix Etxeberriarekin batera, Madarixa auzoko goiko aldera jo zuten. Bertan zegoen, hain zuzen ere, ezkutuko lurperatzea, Elgoibartik Azkoitirako errepidearen ezkerreko aldean. Kasu horretan, oso konplikatutzat jo zen hondarrak berreskuratzea. Izan ere, lekua zabortegi bihurtuta zegoen, eta zabor ugari zegoen bertan metatuta.
2007ko abenduaren 15ean, memoria historikoari buruz ikertzeko Elgoibar 1936 taldeak, pala mekaniko baten laguntzaz eta bertan zegoen zabor ugaria erretiratu ondoren, leku hartan zegoen elurtegi baten (Neberi zaharra) sakonean eta erdian ehorzketa bat aurkitu zuen. Abenduaren 18an, eskeletoa osorik eta kontserbazio-egoera onean zegoela egiaztatu zen.
8 metrotik gorako diametroa zuen elurtegi biribil baten sakonean zegoen hobia. Gorpua ahoz gorako etzanera zegoen, beheko gorputz-adarrak enborrarekin lerrokatuta. Burua ezkerrerantz alboratuta zegoen, eskuineko eskua pubisaren sinfisiaren gainean kokatzen zen, eta ezkerreko eskua albo bereko mokorraren gainean.
Gizonezko heldu gazte baten gorpua zela ondorioztatu zen, 30 eta 40 urte artekoa. Heriotzaren arrazoiarekin lotuta, eskuineko masailalbo-hezurraren beheko ertzetik hezur bat kenduta zegoela antzeman zen. Su-arma baten jaurtigaia bertatik pasatzean kendu ahal izan zen hezurra.
Lesio hori bat zetorren lekukoek emandako informazioarekin. Horren arabera, lurperatutako milizianoak su-arma baten ondoriozko zauria zuen aurpegian.
Momentuz, ezin izan da gorpu horren nortasuna ezarri.

Deshobiraketa lanetan aritu zen taldea berreskuratutako gorpuzkiaren ondoan
Gorpua hobitik atera zen egun bereko goizeko 12etan, omenaldi-ekitaldi bat egin zen, eta, bertan izan ziren Azkoitia eta Elgoibarko Udaletako ordezkariak, bai eta beste hainbat pertsona ere.
Berreskuratutako gorpuzkiak Elgoibarko Duintasunaren Kolunbarioan ehortzi ziren, 2017ko urtarrilaren 30ean, Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuak, Gogorak antolatutako ekitaldian, Iñigo Urkullu Lehendakaria buru zela.
