Lizarrustiko Hobia (Etxarri-Aranatz, Nafarroa)

KOKAPENA Lizarrusti (Etxarri-Aranatz, Nafarroa)
BIKTIMAK 1
IDENTIFIKATUTAKO BIKTIMA-KOPURUA 1
DATA 2018ko irailaren 1a eta 2a

Marcelo Lasa Zeberio (1919 Olaberria, Gipuzkoa– 1936 Etxarri-Aranatz) 1936ko abuztuaren 25ean fusilatu zuten, 17 urte zituela, Lizarrusti gainean, Gipuzkoa eta Nafarroa arteko mugan. Lekuko baten testigantzari esker, 2018ko irailean bere gorpuzkiak berreskuratu eta familiari eman zitzaizkion.

Argazkian, Marcelo Lasa Zeberio, erdian, arropa argiz jantzita, familiarekin.

Informazio historiko eta dokumentala zegoen Olaberriako auzokide zen Marcelo Lasa Zeberiori buruz. 1936ko abuztuaren 25ean fusilatu zuten, 17 urte zituela, Lizarrustiko muinoan, Gipuzkoa eta Nafarroa arteko mugan. Lizarrustiko Isabelen Bentako auzokide batzuek zehazki non hil zen jakinarazi zioten familiari.

Lekukotzarik garrantzitsuena Patxi Lacunzak eman zuen. Gertaera horien lekuko izan zen, 1936ko abuztuan, 6 urte zituela. Izan ere, pertsona baten gorpua nola lurperatzen zuten ikusi zuen, alpargata zuriak jantzita. Pertsona hori aurreko egunean hil zuten.

Marcelo Lasaren ilobekin batera, leku hura bisitatu zuen, 2016. urteko otsailean. Bigarren bisita batean, Patxi Lacunzarekin hura ere, errepideko 47. kilometroa adierazi zen erreferentzia-puntu gisa. Hobia, zehazki, hariztian bidean jarraituta aurkitu zitekeen.

Euskal Prospekzio Taldeko kideek bilaketa-lanak egin zituzten, detektagailu bat baliatuta, 2017ko urrian, munizioa aurkitzeko asmoz. Hala, zundaketa-lanak egiteko leku zehatz bat zehaztu ahal izan zen, eta, horri esker, hobia kokatu ahal izan zen.

Gorpuzkiak hobitik ateratzeko lanak 2018ko irailaren 1ean eta 2an egin ziren. Bertan egon ziren senideak, bai eta diziplina anitzeko talde espezializatua ere. Agintariak ere bertaratu ziren: Ana Ollo, Nafarroako Gobernuko Herritarrekiko eta Instituzioekiko Harremanetako sailburua; Josemi Gastón, Nafarroako Memoria Historikoko zuzendaria, eta Eneka Maiz, Etxarri-Aranatzeko Udaleko alkatea, bai eta Nafarroako Memoria Historikoko elkarteen ordezkariak eta bertako auzokideak ere.

3 metroko perimetroa zuen enborrari zegokion pago zaharraren parean, prospekzio-lanak hasi ziren, bitarteko mekanikoak erabilita, inguru horretan munizioa zegoela jakin baitzen. Enborretik 3,60 metrora aurkitu zen hobia. Hondarrak 50 zentimetroko sakoneran zeuden. Hobiak 1,90 metro luze bider 0,50 metro zabal neurtzen zituen. Barrualdean, eskeleto bat zegoen, ahoz gorako etzaneran, buztinezko sedimentu batez inguratua. Hezurretan narritadura tafonomikoa antzeman zitekeen, hezetasunaren korrosioaren eta landaretza-estalkiko sustraien ondorioz. In situ interpretatu ziren garezurra, eskuineko humeroa, bi femurrak, tibiak eta oinetako hezurrak. Gainerako hezurrak narriatuta zeuden.

Hondarren egoera eskasa zen arren, ezkerreko femurreko epifisi distalaren fusio-lerroa antzeman ahal izan zen. Horri esker jakin zen gorpua helduarora iristear zen pertsona batena zela, 17 eta 19 urte artekoa.

Lotutako objektuen artean berreskuratu ziren koilara bat, belarri laukizuzen bat, alkandorako 3 botoi (nakarrezkoak), 5 zentimoko txanpon bat, hiru bala eta fusil-zorro (Mauser), eta berunezko jaurtigai esferiko bat.

Ondorioz, ezkutuan lurperatutako pertsonaren adina eta familiak eta lekuko zuzenak emandako datuak bat zetozen.

Lekukoek eta agiriek babestutako hipotesia berretsi nahi zen, hots, gorpua Marcelo Lasa Zeberiorena zela baieztatu. Azterketa genetiko konparatiboak egin ziren hezur-laginaren eta senide zuzen baten lagin ez-zalantzazkoaren artean. Emaitza positiboa izan zen.

2019ko ekainaren 30ean, Olaberriako Udaleko osoko bilkuren aretoan, Eusko Jaurlaritzako eta Nafarroako Gobernuko agintariek hezur-hondarrak entregatu zizkieten senideei. Bertan egon ziren Jonan Fernández, Eusko Jaurlaritzako Giza Eskubide, Bizikidetza eta Lankidetzako idazkari nagusia; Álvaro Baraibar, Nafarroako Gobernuko Bake, Bizikidetza eta Giza Eskubideen zuzendari nagusia; Aintzane Ezenarro, Gogora Institutuko zuzendaria, eta Jokin Garmendia, Olaberriako alkatea, parte hartu nahi izan zuten senide eta auzokideekin batera.