Las Auchas (Bastida, Araba)

KOKAPENA: Las Auchas (Bastida, Araba)
BIKTIMAK 12
IDENTIFIKATUTAKO BIKTIMA-KOPURUA: 12
DATA: 1980ko ekainaren 6a

 

Nicolás Martínez de Sojo Bastida, Anguciana (Errioxa), 55 urte, Dolores Ballugera Gómezekin ezkonduta, 4 seme-alaba zituzten: José (frontean hil zen), Luis, Tere eta Dolores. Landako langilea. Alkatea. Bastidako errepidean hil zuten San Vicente de la Sonsierra, Rodezno, San Asensio, Treviana eta Haroko jendearekin, 1936ko azaroaren 6an.

Félix Urrecho Ruiz, Haro (Errioxa), 26 urte, ezkongabea. Abarketagilea, CNTko afiliatua. 1933ko abenduko gertakarietan parte hartu zuen. Oso bizikletazalea zen. Haroko kartzelan atxilotu zuten, non bere arreba Rosariok inoiz ikusi ahal izan zuen. Bastidako errepidean hil zuten 1936ko azaroaren 6an.

Leopoldo González Izarra, Haro (Errioxa), 42 urte (1893/12/25). Elvira Estefanía Larralderekin ezkondua, 3 alaba: Pilar, Mari Carmen eta María Dolores. Industrialari eta merkataria, ehun-biltegi bat eta lasto eta metalez egindako botila-zorroen fabrika bat zituen. Izquierda Republicanako presidentea. Bastidako errepidean hil zuten 1936ko azaroaren 6an.

Ismenio Moneo Tordomar, Haro (Errioxa), 58 urte (1878/9/2). Ascensión Pinedo Gómezekin ezkondua, 3 seme-alaba: Conchi, Ascensión eta Ismenio. Maisua, haurren graduatu-eskolako zuzendaria. 1936ko irailaren 16an enplegua eta soldata kendu zizkioten. Izquierda Republicana alderdiko afiliatua. Ismenio bere semeak 1936ko urriaren 14ko "saca de la fuga" ezagunean ihes egitea lortu ondoren atxilotu zuten. 1936ko azaroaren 6an hil zuten Bastidako errepidean.

Francisco San Juan Quintana, Haro (Errioxa), 58 urte (1873/10/3), ezkonduta, bi seme-alaba. Txatar-biltzailea. Errepublikanoa. Bastidako errepidean hil zuten azaroaren 6an.

Braulio Antón García, Rodezno (Errioxa), 49 urte (1887/3/26). Isabel Ibarrolarekin lehen aldiz ezkonduta, Vicente izeneko seme bat izan zuten. Bigarren aldiz ezkondu zen Catalina López de Davalillorekin, eta harekin ere seme bat izan zuen, Victorino. Postaria eta Izquierda Republicana alderdiko afiliatua. Zinegotzi errepublikanoa, 1936ko apirilean gobernu-ordezkari izendatua. 1936ko azaroaren 6an hil zuten Bastidako errepidean.

Vicente Rojas Carbonera “Bochincha”, San Asensio (Errioxa), 46 urte (1890/8/31). Felisa Lopezen alarguna, 5 seme-alaba: Flora, Alfonso, Pilar, Lino eta Juana. Landako langilea. Musikaria, bandan jotzen zuen. CNTko afiliatua. San Asension atxilotu zuten lehenik, eta gero Harora eraman zuten. Bastidako errepidean hil zuten 1936ko azaroaren 6an.

Felices del Campo Ábalos, San Asensio (Errioxa), 29 urte (1907/1/24). Ezkongabea, Cecilio eta Teresaren semea. Landako langilea. Gazte Sozialistetako afiliatua, erakundearen lehendakari izan zen. Haroko espetxetik atera eta Bastidako errepidean hil zuten 1936ko azaroaren 6an.

Juan Martínez Ábalos, San Vicente de la Sonsierra (Errioxa), 33 urte, Aurora Marrón Apilanezekin ezkondua, alaba bat izan zuten, Angeles. Udaleko langilea eta Izquierda Republicanako idazkaria. Familiak telefonogunea zuen, gero kenduko zietena. Bastidako errepidean hil zuten 1936ko azaroaren 6an.

Martín Ramírez Apilánez, San Vicente de la Sonsierra (Errioxa), 28 urte (1907/11/11), Eustaquia López Lallerarekin ezkonduta, 3 seme-alaba: Blanca, José Fortunato eta Alejandro. Landako langilea. CNTkoa zen. 1936ko abuztuaren 9an atxilotu zuten, lanetik bueltan zihoala, eta Haroko espetxera eraman zuten. Handik atera eta Bastidako errepidean hil zuten, 1936ko azaroaren 6an.

Ceferino Sagredo Hermosilla, Treviana (Errioxa), 29 urte (1907/2/11), ezkongabea. Landako langilea. Cipriano anaiarekin batera hil zuten Bastidako errepidean, 1936ko azaroaren 6an.

Cipriano Sagredo Hermosilla, Treviana (Errioxa), 32 urte (1903/12/8). Juanita Santamariarekin ezkondua, 3 seme-alaba: Mercedes, Justo eta Libertaria (Mª Pilar). Bi seme Sestaon jaio ziren, Ciprianok bertako zementu-fabrika batean (Zurrena) lan egin baitzuen, ezkondu aurretik eta ezkondu ondoren. Bastidako errepidean hil zuten, bere anaia Ceferinorekin batera, 1936ko azaroaren 6an.

 

Iturria: AGUIRRE GONZÁLEZ, Jesús Vicente: Aquí nunca pasó nada. La Rioja 1936, Ochoa editores, Logroño, 2007

Biktimen senitarteko batzuek bazekiten hilobia zehazki non zegoen; izan ere, inguruko bizilagun batzuek han botata ikusi zituzten, norbaitek lurperatu zituen arte.

Guztiak Haroko espetxetik atera eta Bastidatik Rivas de Teresorako errepidean hil zituzten.

Blanca Ramírez López, San Vicente de la Sonsierrako Martín Ramírez Apilánezen alaba, izan zen gorpuzkiak hobitik ateratzeko baimena lortzeko izapide guztiak egin zituena. Urte eta erdi baino gehiago behar izan zuen Logroñoko probintziako Gobernu Zibilaren baimena lortzeko.

Azkenik, 1980ko ekainaren 6an, 12 fusilatuen gorpuzkiak lurpetik atera zituzten biktimen senideek.

Ez dago biktimak banan-banan identifikatzen dituen elementurik, baina testigantzei eta memoria kolektiboari esker jakin ahal izan zen hemen lurperatutakoak lehen aipatutako 12 horiek zirela.

Hondakin guztiak hainbat hilkutxatan sartu zituzten, eta San Vicente de la Sonsierrako udaletxera eraman zituzten, han zain zitzaten.

1980ko ekainaren 8an, igandea, arratsaldeko 5etan, hileta elizkizunak egin ziren eta panteoi batean ehortzi zituzten, San Vicente de la Sonsierrako udal hilerrian.