Koroatze

SmartEnCity (2016-2022) H2020 “Hiri eta Erkidego Adimendunak” Europako programarekin finantzatu da, eta helburu du CO2-rik gabeko hiriak sortzeko estrategiak garatzea. Testuinguru honetan, Gasteiz “argi hiri” gisa erabili da, eta bateratuta aplikatu dira honako arlo hauetako konponbideak: energia-eraginkortasuna, garraioa eta IKTak. Betiere horren guztiaren ikuspegia herritarren bizi-kalitatea hobetzea izan da.

Gasteizen Visesak koordinatu du proiektua. Gure bazkideak izan dira Gasteizko Udala eta IGI, Giroa-Veolia, Energiaren Euskal Erakundea (EEE) eta Mondragon Korporazioa. Era berean, 26 jabeen erkidegoren birgaitze energetiko integralaren ardura izan dugu, 302 etxebizitza guztira.

SmartEnCity proiektua Estoniako Tartu eta Danimarkako Sonderborg hirietan ere inplementatu da. Guztira, 31.874.538 euroko aurrekontua izan du, eta H2020 programatik 27.890.139 euroko dirulaguntza jaso da. Zenbateko horretatik Gasteizek berariaz 12.790.000 euro eskuratu ditu, eta 6.889.726 euro Visesak birgaitutako etxebizitzetan erabili dira. Birgaitutako eraikinen jabeek kostu guztiaren % 46 jarri zuten.

Gainera, Gasteizko Koroatze auzoan SmartEnCity Europako proiektuak erakutsi du birgaitutako etxebizitzak monitorizatzea funtsezko tresna dela konponbide energetikoen eraginkortasuna bermatzeko eta eraikin jasangarriagoak lortzeko. Emaitzen arabera, batez beste kontsumo energetikoa % 50 murriztu da, eta CO2-ren isuriak % 90, beraz, ekarpen garrantzitsua egin da klima-aldaketaren aurkako borrokan.

Horrez gain, monitorizazioari esker, arazoak detektatu eta zuzendu dira, eta, modu horretan, konponbide energetikoen eraginkortasuna eta etekina optimizatu dira. Halaber, birgaitutako etxebizitzek askoz ordu gehiagoz mantentzen dute 19 ºC eta 21 ºC bitarteko tenperatura, eta, bide batez, egoiliarren erosotasuna eta bizi-kalitatea nabarmenki hobetu da.

SmartEnCity proiektuak onura ugari ekarri dizkie auzokideei.

Gizarte-mailan, etxebizitzen erosotasuna hobetu dela azpimarratu daiteke. Berokuntzaren kontsumoan % 50eko aurrezkia izan da eta, ondorioz, fakturetan % 15-20 aurreztu da. Era berean, proiektu hau erakarlea izan da beste eraikin batzuk birgaitzeko. Hala, herritar informatuenek etxebizitzen eraginkortasuna eta autokudeaketa hobetu dute. Gainera, auzoaren irudia hobetzen eta etxebizitza berrituen balioa handitzen lagundu du.

Ingurumenaren ikuspuntutik, birgaitutako etxebizitza guztiek A ziurtagiri energetikoa eskuratu dute, beraz, berokuntzaren arloan eske energetikoa % 50 murriztu da eta CO2-ren isuriak % 90 gutxitu dira. Horrez gain, energia-hornidura aldatu da, gasaren ordez tokiko biomasaren iturri berriztagarriak erabiltzeko. Horrela, bero-sare berriaren bidez elikatzen da ur beroaren eta berokuntzaren sistema.

Alderdi ekonomikoari begira, proiektua onuragarria izan da Europako Batzordearen, Gasteizko Udalaren eta Eusko Jaurlaritzaren dirulaguntzen bidez birgaitutako etxebizitzetarako, haien diru-sarreren arabera moldatuta. Tokiko erkidegoari ere onurak ekarri dizkio, enplegua sortu baita eta zergak itzuli baitzaizkio.

Proiektua zenbait sariren bidez aintzatetsi da: AVS – Etxebizitza eta Lurzoruaren Kudeatzaile Publikoen Espainiako Elkartearen saria eta 2021ean QIA Quality Innovation Award saria Euskadin. Gainera, nazioartean 2022an Quality Innovation Awards-QIA sarietan sektore publikoko berrikuntzaren kategoriako saria jaso du.