Intxorta hobia (Elgeta, Gipuzkoa)
| KOKAPENA | Intxortako Sagasti mendia (Elgeta, Gipuzkoa) |
| BIKTIMAK | 5 |
| DATA | 2004ko ekainaren 9tik 21era |
Gipuzkoako zatirik handiena matxinatuen esku geratu zen 1936ko irailaren amaierarako. Euskal Estatutua onartzean, Euzkadiko Gobernua eratzean (urriaren 7an), eta armada kolpistak Madrilgo fronteari lehentasuna ematean, iparraldeko frontean batailoi errepublikazaleak berrantolatu ahal izan ziren, eta Euzko Gudarostea sortu, ideologia ezberdinetako batailoiez osatua: anarkista, komunista, abertzalea, errepublikazalea eta sozialista.
Fronte-lerroa egonkortuta egon zen zazpi hilabetez, 1936ko urriaren hasieratik 1937ko martxoaren amaierara, Gipuzkoa eta Bizkaia probintzien artean mendebaldeko muga osatzen zuten mendietan, Eibartik Elgetaraino. 1937ko apirilean, frontea berraktibatu zen. Frankisten erasoak estrategia inguratzailea erabili zuen, hainbat hegal erasoz, eta, horrekin batera, Gasteiztik zetozen hegazkinen bidez aireko erasoak egin ziren, artilleriak eraso egin zuen, eta Nafarroako IV. Brigadako tropek aurrera egin zuten, Gipuzkoatik (Bergaratik). Halaber, Elorrioko (Bizkaia) hego-mendebaldetik egindako oldarrarekin koordinatu zen. Intxorta (Elgeta) mendien posizioaren aurkako bonbardaketak oso biziak eta etengabeak izan ziren. 1937ko apirilaren 24an, Elgeta eta Intxorta hartu zituzten tropa frankistek.
Inguru hartan, Sagasti mendian (Elgeta, Gipuzkoa), aterpe edo kasamata baten kokapena aurkitu zen, frontearen defentsa-lerroan, Elgetako auzokideen lekukotzari esker (tartean, Antonio Iturricastillo) eta senideen laguntzaz (esaterako, Javier Elizegi, zeina bere anaia aurkitu nahian baitzebilen).
Era honetako eraikuntzak egiteko, aurreko aldean parapeto moduan jartzen zen lurra kentzen zen mendi-hegaletik, eta, hala, bitarteko espazio bat prestatzen zen. Espazio hori teilatu batekin estaltzen zen, enborrez osatutako eta lurrez estalitako egitura baten bidez. Hartara, kamuflatu egin zitekeen, eta ikusgarritasuna murriztu, arerioen abiazioak erasoak egiten bazituen.
Bonba baten inpaktuak kasamata suntsitu zuen apirilaren 22 eta 24 artean, eta, barruan, hainbat borrokalari ehortzi zituen. Gorpuzkiak hobitik ateratzean, 2004an, Aranzadi Zientzia Elkartearen eskutik, aterpea estaltzen zuten enborretako batzuen zatiak aurkitu ziren, bai eta beraien ostatu zen kasamataren teilatua kolapsatu eta, ondoren, erretzearen ondorioz lurperatuta hil ziren bost borrokalarien hondarrak ere.


Kasamataren eskema erakusten duen marrazkia, Intxortako defentsa-lerroan (Gipuzkoa).
Indusketa-lanetan, halaber, defentsa-kanoiaren Valero mortero baten oinarria aurkitu zen. Mortero hori Markinako (Bizkaia) Esperanza y Cia. (ECIA) enpresak egin zuen. Halaber, bolboraren bilgarri bat ere aurkitu zen, morteroari sua emateko. Bi aurkikuntza horiek berretsi zuten aterpe hura defentsa-egitura moduan erabiltzen zela.
Bost soldaduren giza hezurren hondarrak ez zeuden osorik. Proba genetikoak egin ziren, horiek identifikatzeko. Izan ere, egun horietan inguru hartan hil ziren borrokalarien zerrenda bat zegoen, baina ez zen emaitzarik lortu.
Berreskuratutako gorpuzkiak Elgoibarko Duintasunaren Kolunbarioan ehortzi ziren, 2017ko urtarrilaren 30ean, Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuak, Gogorak, antolatutako ekitaldian, Iñigo Urkullu Lehendakaria buru zela.