Berrikuntza, zalantzarik gabe, euskal lehiakortasun-ereduaren bilakaeraren funtsezko alderdia da. Bilakaera horrek, nolanahi ere, produkzio-faktoreen ekonomiatik jakintzaren ekonomiarako trantsizioa du oinarri.
Gakoa jakintza berria sortzea da. Jakintza ekonomiaren motorra da, lehiakortasun-abantaila nagusia sortzen baitu. Ekonomia horretan, beraz, jakintza sortzen duten enpresak dira funtsezko elementuak. Eusko Jaurlaritzaren egungo jardunek jakintza sortzen duten euskal enpresak garatzea eta finkatzea dute helburu.
Informazioaren teknologiak gure bizitzaren zati bihurtu zaizkigu. Gaur egun, egunerokotasunaren elementu arruntak dira, eta haien aplikazioek toki garrantzitsua hartu dute negozioetan eta gure harreman pertsonaletan, profesionaletan eta erakunde-harremanetan, baita geure etxeetan ere. Une batean pentsatzen badugu, nekez ulertuko ditugu egoera batzuk informazioaren teknologiarik gabe. Gogoratzen al da inor nola bizi ginen sakelako telefonorik gabe? Zer egingo genuke web-nabigatzaile batean gure intereseko gaia tekleatu eta, besterik gabe, azken informazioa lortzerik ez bagenu?
Euskadi Informazioaren Gizartean Planaren azken lau urteei begiratu bizkorra ematen badiegu, argi eta garbi ikusiko dugu Euskadin bilakaera hori nabaria eta etengabea dela. Datu-adierazleek islatzen dutenez, bide onetik goaz. Internet erabiltzeko ohitura duten herritarren ehunekoa bizkor ari da gora egiten, herritarren erdiak dira dagoeneko. Halaber, banda zabaleko konektagarritasuna errealitate bihurtu da lurralde osoan (gure herrian). Euskadin 10 langile baino gehiago dituzten enpresen artean, posta elektronikoa erabiltzen dutenen eta web-orria dutenen ehunekoa 27 herrialdeko Europar Batasunaren batez bestekoaren parekoa da, eta herrialderik aurreratuenen batez bestekotik hurbil dago. Nolanahi ere, irmotasuna bidelagun ona izango da aurrean ditugun erronketarako.