'Tarifazio gehigarridun zerbitzuak: 807' ikuskapen-kanpainaren emaitzak
Xedea
Asmoa zen Tarifazio Gehigarrien Zerbitzuen arloko arautegia betetzen den ikustea (kode jakin bat markatuta deia egiten zaion abonatuak ordain gisa ordainsari espezifiko bat jasotzen du –informazio- edo komunikazio-zerbitzuak emateagatik, edo beste batzuk–).
Hasiera menuan (aurretiazko lokuzioa) eta publizitatean emandako informazioa kontrolatu nahi zen, bereziki telefono-zenbaki horien bidez ematen diren zerbitzuen web-orrialdeetan jasotakoa.
Noiz egin zen
Kanpaina 2014ko irailaren 29tik urriaren 3ra egin zen, biak barne. Kanpaina hau autonomia erkidegoek eta AECOSANek planifikatutako kanpainen barruan sartzen da.
Egindako jarduerak
11 kontrol-jarduera egin zituen Kontsumobidek. Hau da tarifazio gehigarridun zenbakien sailkapena:
- 905 (Teleboto eta dei masiboen zerbitzuak).
- 803 (Harremanak eta erotikoak. Helduentzako zerbitzuak).
- 806 (Aisia eta entretenimendua. Tarota, telebistako edo bestelako komunikabideetako lehiaketak).
- 807 (Zerbitzu profesionalak. Online-eko psikologoak, medikuak, abokatuak...).
- 907 (Interneterako sarbidea tarifazio gehigarriarekin).
Laugarren zifrak –aurrezenbakiaren osteko lehenengoak– deiaren kostua adierazten du: zenbat eta handiagoa orduan eta garestiagoa deia. Edonola ere, deiaren kostua argi eta garbi azaldu behar da telefono-zenbakia iragartzen den unean, bai eta, 20 segundoko lokuzio baten bidez, deia egiten hasten denean ere (905 zenbakien kasuan izan ezik, bestelako tratamendu bat baitute). Deia egiten zaion abonatuari ezin zaizkio 20 segundo horiek ordaindu; horrenbestez, denbora horregatik, tarifa euskarria baino ezin zaio kobratu deia egiten duenari).
Ikuskapenean parte hartu duten autonomia erkidegoen arabera, Kontsumobideri 807 sarbide-kodearen bidez ematen diren zerbitzuak kontrolatzea egokitu zitzaion (zerbitzu profesionaletarako erabiltzen da).
Emaitzak
Egindako jardueretatik 3k betetzen dute indarrean dagoen arautegia: egiaztatu zen ematen dutela eman behar den informazio guztia, bai hasierako lokuzioan, bai web-orrialdeetako publizitatean.
Beste 6 jardueratan, ordea, egiaztatu zen ezkutatu egiten zutela hasierako lokuzioan agertu beharreko informazio-zati batzuk. Hori dela eta, egoki diren errekerimenduak bidali ziren, eta eskatu zitzaien Kontsumobideri adierazteko zer neurri hartu behar zituzten antzemandako ez-betetzeak zuzentzeko.
Beste jarduera batean, berriz, egiaztatu zen 807 tarifazio gehigarridun telefono-zenbakia –zerbitzu profesionaletarako gordea– bezeroei arreta egiteko zerbitzu baterako erabiltzen zela. Enpresari, araua betetzen ez zuelako, irregulartasuna zuzentzeko eskatzeaz gain, zehapen-espediente bat proposatzea erabaki zen.
Azken jarduera batean deiak ezusteko garapena izan zuen; horrek saihestu zuen jakitea beharrezko informazioa ematen zen a la ez.
Ondorioak
Lortutako ondorioetatik egiaztatu zen kontsumoko teknikariek eta kontsultatutako operadore zenbaitek ez dutela arautegia berdin interpretatzen (tarifazio gehigarridun zerbitzuak emateko jokabide-kodearen 5.3.3.1. artikulua).
Arazo hori konpontzeko erabaki zen Tarifazio Gehigarridun Zerbitzuak Ikuskatzeko Batzordeari kontsulta egitea –Kontsumobideren Merkatuaren Ikuskaritza eta Kontrolerako Unitatearen ikuspegia zein zen ere adierazi zitzaion–.
Dena den, Auzitegi Gorenak 2015eko urtarrilaren 29an emandako epaia kontuan hartuz –zeinak aurretik aipatutako jokabide-kodea baliogabea zela adierazi zuen–, azkenean, ez zitzaion kontsultarik egin Ikuskapen Batzordeari, pentsatu zelako desegokia zela kodea interpreta zezaten eskatzea edo ondoriorik gabe utzi ondoren kode horretan aldaketa bat sartzea.